Hedabideen balio soziala aztergai Huhezin

Mondragon Unibertsitateko Hezikom ikerketa taldeak, euskarazko komunikabideen balio soziala ikertu du eta gaur goizean ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte.
Card image cap
Argazkia. Goiena
2015/12/14

Gertuko komunikabideen balio soziala izan da aztergai gaur Aretxabaletan, Huhezik antolatutako hirugarren jardunaldian. Hainbat adituk esku hartu dute egitasmoan, hala nola, Kataluniako ikus-entzunezkoen kontseiluko Martí Petit, Deustuko Unibertsitateko Jose Luis Retolaza eta EHUko Leire San-Jose.

Balio sozialaren pertzepzioa

Hezikomeko Txema Egañak azaldu duenez, jardunaldien bitartez egin gura izan dutena da, ezagutaraztea balore ekonomikoetatik urruti, ze balore eskaintzen dituen euskarazko komunikazioak interes taldeendako. Horrekin batera, ikerketa-pilotu bat egin du Hezikom taldeak euskarazko komunikabideen balio soziala neurtzeko eta euskarazko herri ekimeneko bi komunikabidetan jarri dute praktikan pilotu hori: Goienan eta Berrian.

Pilotu horretan, balio sozialari dagokionez, Deustuko Unibertsitateak eta EHUk erabiltzen duten metodologia aplikatu dute.

Hedabideetan balio sozialaren inguruan dagoen pertzepzioa azaldu dute: batetik, herri ekimeneko komunikabideen bueltan, Hekimeneko Alberto Barandiaranek, Berriako Martxelo Otamendik eta Goienako Iban Arantzabalek mahai-ingurua egin dute; eta bestetik, EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendaria den Andoni Aranburuk bere hedabideko pertzepzioa zein den azaldu du.

Kontuak kontu, hedabideendako oso elementu garrantzitsua izango da balio sozialarena: "Gero eta gehiago zabalduko den kontzeptua da; denbora gutxi barru, ziurrenik derrigorrezkoa izango da diru laguntzak eskatzerako orduan. Gainera, gure lanari balioa emango dion zerbait da: askotan dirudi diru-laguntzak jasotzen ditugula eta bueltan ez dugula ezer ematen eta honekin hau horrela ez dela erakutsiko da" azaldu du Berriako zuzendaria den Martxelo Otamendik

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea