Haur zein herri txikien existentzia dotore aldarrikatu ditu Arizmendi Ikastolak

Aste honetan eman diote amaiera Jatorrizko Herriak proiektuari Arizmendi Ikastolako Basabeazpi gunean (Aretxabaleta). Ekitaldi dotore eta hunkigarrian Munduko Loreak bideoklipa aurkeztu zuten, 2 eta 5 urte bitarteko neska mutikoek grabatutakoa, eta Porrotx eta Porrotxinek ere munduko koloreak ekarri zituzten Basabeazpi gunera.
2012/12/21

Asteartean aurkeztu zenetik, dagoeneko ia 800 pertsonak ikusi dute Munduko Loreak bideoklipa Interneten, eta munduko bazter guztietara iritsi da. Ameriketako Estatu Batuetan, Finlandian, Suedian, Mexikon... dagoeneko ikusi dute Basabeazpiko haurren bideoa. Berau, ordea, proiektu handiago baten zati bat besterik ez da izan: Jatorrizko Herriak ekimena. "Amaiera borobila eman nahian bideratu genuen ikus-entzunezkoa Arizmendi Ikastolako Basabeazpi guneko irakasle, guraso eta inguruko hainbat enpresak, interkooperazioan, haurrak zoriontsu egiteko asmo bakarrarekin, eta ikasturteko aurreneko hiru hilabeteetako proiektuari amaiera borobila emateko helburuarekin", adierazi digu Iñaki Gonzalez irakasleak.

Jatorrizko Herriak eta Munduko Loreak proiektuaren aurkezpena

Porrotx eta Porrotxin, Basabeazpi gunean, haurren artean, eszenatokira bidean.

Proiektuak izaera unibertsala izan du eta Mexikoko Nauath komunitateko, Maia Kaqchiquel komunitateko (Guatemala), kataluniako zein galiziako haurrek parte hartu dute. Euskal Herrian, berriz, guztira 120 neska mutiko aritu dira lanean, Arizmendi Ikastolaren metodologia berrian oinarrituta. Horren haritik, Basabeazpi guneko neska-mutiko guztiek parte hartu dute proiektu bakarrean.

Jatorrizko Herriak eta Munduko Loreak proiektuaren aurkezpena

Txus Gutierrez (gitarra), Joxemari Azpitarte (baxua) eta Iban Peñakoba (bateria), zuzeneko emanaldia eskaini zuten, hirurak ere Basabeazpi guneko haurren gurasoak.

Emaitzarekin pozik

Jatorrizko Herriak proiektua arrakastatsua izan da bai garapenean zein amaieran, eta batez ere berritzailea izan da haurrei zuzendutakoa izan delako. "Jatorrizko herrien eta hizkuntza minorizatuen gaineko proiektuak beste toki batzuetan ere egin dituzte, baina inoiz 2 eta 5 urteko neska mutikoei zuzendutakoak". Kontuak kontu, Iñaki Gonzalezen esanetan, neska mutikoek inoiz amestuko ez luketen esperientziak bizitzeko aukera eskaini diete eta musika estudio profesionalean kantua grabatu ahal izan dute. Arrasateko SHOT! estudioan 30 neska mutiko elkartu ziren, hamarreko taldetan banatuta.

Jatorrizko Herriak eta Munduko Loreak proiektuaren aurkezpena

Porrotx eta Porrotxin taula gainean, munduko koloreak konpartitzen Basabeazpeiko komunitatearekin.

Interkooperazioan eginiko proiektua

Proiektuaren helburu nagusia izan da ezagutzera ematea badirela munduan jatorrizko hizkuntza, identitate eta kulturak, eta hizkuntza minorizatu horien sustapen lanean Arizmendik Garabide elkartearen laguntza izan du. Berritzailea, izan da, baita ere, guneko gurasoek sekulako inplikazioa erakutsi dutelako eta inguruko zenbait zerbitzu enpresa ere elkarlanean aritu direlako; Danatek (soinu eta irudi tresneria lagatzen) eta Arteman Komunikazioa (ikus-entzunezkoaren ekoizpenean).

Jatorrizko Herriak eta Munduko Loreak proiektuaren aurkezpena

Numerazio maian oinarritutako matematikak, txotxongiloak galegoz, Kaqchikele hizkuntzan hitzak… Neska mutikoak izan dira proiektuaren protagonista nagusiak, eta ikasi ahal izan dute badela matematika sistema maia bat, edo kaqchikel izeneko hizkuntza bat Guatemalan, eta nauath izenekoa Mexikon, katalanez kontuak eta kantuak ikasi dituzte, txotxongiloak galegoz… "proiektu oso aberatsa eta interesgarria izan da eta Arizmendi Ikastolako Basabeazpi gunean oso pozik gaude".

Irakaskuntza