2017-08-24T03:13:04+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Gaztenpresak 402 enpresa berri sortzea sustatu du 2015ean

2016/06/07

2015ean, Mentoring programa berritzaile bat jarri da martxan: 41 boluntario adituk kudeaketaren inguruko gomendioak ematen dizkiete pertsona ekintzaileei.
Gaztenpresak 402 enpresa berri sortzea sustatu du 2015ean
Joan den ekitaldian 402 enpresa berrik ikusi zuten argia, eta 731 pertsonak lanpostu bat aurkitu zuten Gaztenpresaren laguntzari esker.

Laboral Kutxaren enplegurako Fundazioak 2015eko bere Memoria aurkeztu du. Xabier Egibar Fundazioko lehendakariak eta Laboral Kutxaren Negozio Garapen Arloko zuzendariak, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak Fundazioak joan den urtean zehar garatutako jardueraren alderdi nagusiak azaldu dituzte Bilbon.

Bere txandan, Xabier Egibar oso pozik agertu da lortutako lorpenekin. Testuinguru ekonomiko eta sozial konplexu honetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia % 12,8koa eta Nafarroako langabezia % 14,25ekoa dela kontuan hartuta: “Ekintzailetzaren bidea autoenpleguaren aldeko apustua egiten duten pertsona askoren lan-horizontea argitzeko oso aukera balidagarria dela frogatu du berriz ere Gaztenpresak”. Era berean, Egibarrek Gaztenpresaren ibilbide txalogarria azpimarratu du: “4.120 enpresa baino gehiago eta 7.300 lanpostu inguru sortzen lagundu du lanean daramatzan hiru hamarkada hauetan zehar”.

Jarraian, administrazioa enplegua sortzeko eta hura bilatzen ari direnei laguntzeko ekimenekin bat datorrela azaldu du Ángel Toña sailburuak. “Ekitea ez da erraza. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu ideia bideragarri bat dutenei enpresa berria sortzeko lehen urratsak erabakitasunez hartzen laguntzea. Izan ere, laguntza teknikoa, gizatiarra eta finantzarioa eskainiz proiektuaren bideragarritasuna frogatu daiteke”.

Parte hartzeko txanda amaitzeko, Inma Ramos Gaztenpresako gerenteak Fundazioak 2015ean lortu dituen datuen eta etorkizunean lortu nahi dituen erronken laburpena egin du.

gaztenpresa 2015_01

Gaztenpresa Fundazioak lau ildo estrategiko hauetan garatzen du bere lana:

1.- Ardatz nagusia enpresen sorkuntzan laguntzea da. Pertsonari Gaztenpresarekin lehen aldiz harremanetan jartzen denetik laguntzen zaio, bere negozioa edo mikroenpresa abian jarri arte, honako alderdi hauetan:

Arreta eta laguntza pertsonalizatua enpresa-ideia garatzeko orduan, hura hobetuz eta zentzu ekonomikoa emanez.

Negozio-plan egituratua, bideragarritasuna bermatzeko.

Izapideak, laguntzen eskaerak eta diru-laguntzak.

Finantziazio egokitua.

Joan den urtean 1.930 proiektu artatu ziren, baina horietatik 402k bakarrik lortu zuten enpresa gisa eratzea. Prozesuaren lehen fase horretan, egokiak ez diren profilak hautematen dira. Fase hori kritikoa eta balio handikoa da, proiektu askok porrot ez egitea lortzen baita, eta horrenbestez, pertsona ekintzaileari eragindako arazoak saihesten dira, bestela jarraitutasunik gabeko ideietan inbertituko bailituzke beren bitarteko eskasak. Horren ondorioz, Gaztenpresaren bitartez sortzen diren enpresek biziraupen-tasa altua dute, % 71 ingurukoa, ireki eta 3 urtetara.

2.- Bigarren jarduketa-ildoaren xedea dagoeneko abian diren proiektuak sendotzea da, lehenengo urteetan zehar izaten diren zailtasunetan lagundu ahal izateko. 2015ean 150 lantegi egin dira, eta horietan 1.500 ekintzailek baino gehiagok parte hartu dute. Era berean, 500 kontsulta baino gehiago artatu dira gaitutako aholkularitza-ildo zehatzaren bitartez.

3.- Sortu berri den hirugarren eremua mentoring programa berritzaile batek osatzen du. Enpresa-esperientzia duten 41 profesional boluntarioz osaturiko direktorio bat sortu da. Horiek beren negozioaren kudeaketari buruzko gomendioak ematen dizkiete pertsona ekintzaileei, metodologia egituratu baten bitartez, horiek dituzten kudeaketa-gaitasunak sendotuz. Zerbitzu berri hori 2015. urtean ezarri da lehen aldiz, eta balantzea oso positiboa izan da, 29 harreman sinatu baitira.

4.- Azkenik, laugarren jarduketa-ardatza ekintzailetzaren sustapenean oinarritzen da. Bertan, Unibertsitate eta Lanbide Heziketako Ikastetxeen ekintzak multzokatzen dira, ikasleen artean izpiritu ekintzailea eta berritzailea sustatzeko helburuarekin. Esparru horretan, Nafarroako Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lortutako hitzarmenak nabarmendu behar dira.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak