2017-08-19T22:42:32+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Gaztenpresak 386 enpresa sustatu ditu 2016an

2017/05/18

Laboral Kutxaren Gaztenpresa lerro bereziak, Europako Inbertsio Funtsaren laguntzarekin, 25.000€-rainoko finantzaketa eskaintzen du abalik gabe. 1994an abian jarri zenetik, Gaztenpresak 4.500 enpresa eta 8.000 lanposturen sorkuntza sustatu du.
Gaztenpresak 386 enpresa sustatu ditu 2016an

Enpresak eta enplegu egonkorra sortzea da Gaztenpresa Fundazioaren izateko arrazoia. 2016an, Laboral Kutxaren enplegurako fundazioak 386 enpresa abian jartzen lagundu du, eta horien bidez 717 lanpostu sortu dira. 

Gaztenpresak 2016ko Memoria aurkeztu du. Fundazioko lehendakari Xabier Egibarrek hartu ditu Bilboko Laboral Kutxaren egoitzara bertaratutakoak. Gaztenpresak egiten duen balio-ekarpenak ekintzaileentzat duen garrantzia aipatu du Egibarrek: “Sortzen den proiektu bakoitza, lanpostuaz haratago, bizitza-proiektu bat da”. Era berean, ekintzailetasunak duen eraldatzeko indarra azpimarratu du: “Gure ingurunearen garapen ekonomiko eta sozialari begira, ekintzailetasunaren fenomenoa funtsezkotzat jo behar dugu”.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak adierazi duenez, “Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren aldeko 2020 Esparru Programa Eusko Jaurlaritzaren lan-tresna nagusietako bat da Euskadik urte kritiko hauek egokitasunez gainditu ditzan. Etorkizun hurbil horri begira, baldintza egokiak izango dituen lan-eszenatoki berria lortzea da helburua: herri modernoa eta enplegu berrien beharra aurreikusiko duen gizartea. Guztiok batera —ikastetxeak, ikastegi politeknikoak, unibertsitateak eta enpresak— prestatu beharra dugu enpleguaren arloan izango diren eskaera eta egoera berriei aurre egiteko”.

“Guretzat oso garrantzitsua da inor atzean ez gelditzea. Ildo horretan, gazteen enplegua sustatzeko politikak jarri ditugu abian, Lehen Aukera programa bultzatu dugu, ikastetxeekin lankidetzan ari gara praktikak errazte aldera, gazteentzako enplegua helburu duten tokiko planak sustatzen ditugu, errelebu-planak, gazteak itzultzeko eta talentua erakartzeko egitasmoak, eta prestakuntza duala garatzen ari gara”, gaineratu du Artolazabalek.

Eusko Jaurlaritza ekintzaileen ondoan dagoela esan du sailburuak, ideiak bilatzen eta joerak aztertzen. “Hor dago Gaztenpresa ere. Ekintzailetasunak ideia berriak behar ditu eta horrek dakartzan emaitza onak agerikoak dira. Kalitate handieneko enpresa eta lanpostu berriak sortu Prentsa-oharra behar ditugu. Datozen urteetan Euskadi jarduera ekonomiko eta iraunkorraren pool-positionean kokatzea da kontua”, nabarmendu du.

Inma Ramos Gaztenpresako zuzendariak Fundazioak 2016ko ekitaldian izan dituen lorpen nagusiak azaldu ditu. Gaztenpresa Fundazioak 1994an ekin zion ibilbideari eta gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan dihardu lanean. Enpresak sortzera bideratzen du nagusiki bere egitekoa eta, ildo horretan, ekintzailetza-zikloaren bost etapak hartzen ditu kontuan: hasierako ideia, negozio-plana, izapideak, finantzaketa eta sendotzea.

Lehen pausoa negozio-ideia izaten da. 2016an 2.000 eskari jaso ziren, eta horietatik % 38k bete zituen baldintza egokiak hurrengo fasera igarotzeko. Fase horretan, negozio-plan bideragarri bat lantzen dute. Lehen etapan oso garrantzitsua izaten da Gaztenpresaren aholkularitza, izan ere, arrakasta-aukera gutxi dituzten ideiak aldez aurretik antzemanez, ekintzaileak gastu eta frustrazio ugari saihestuko ditu.

Bideragarritzat jotako negozio-plana eskuetan, Gaztenpresak proiektua finantzatzen du. Iaz, 9,7 milioi euro eman zituzten guztira maileguetan, proiektuko batez besteko 52.100 euroko inbertsioari aurre egiteko, eta batez besteko finantzaketa 33.200 €-koa izan zen.

Fundazioaren konpromisoa da proiektu bideragarri guztiek finantzaketa izan dezatela, eta horretarako Lerro Berezia du, fondo propioez osatua, baita Europako Inbertsio Funtsaren laguntza ere. Modu horretan, 25.000€-rainoko inbertsioak finantza ditzake abalik gabe.

Proiektua justifikatzeko abal bakarra ideiaren bideragarritasuna izan dadila nahi du Gaztenpresak, eta, beraz, ez dadila gelditu ideia bideragarririk gauzatu gabe finantzaketa faltagatik. Datuek esandakoa berresten dute. Sorreratik, Gaztenpresak 4.500 enpresa eta 8.000 lanpostu baino gehiago sortzen lagundu du. Xede horretarako, emandako mailegu guztien zenbatekoak batuta, guztira, 130 milioi euroko finantzaketa bideratu du.

Ekintzailetza-zikloa enpresa sendotzeko fasearekin bukatzen da. Enpresak bere jarduerari ekiten dionean garrantzitsua da laguntza izatea, merkatuaren gorabeherei aurre egiteko oinarri sendoak finkatze aldera. Ildo horretan, proiektua abian jarri eta lehen hiru urteetarako laguntza-ekintzak garatzen dituen lan-lerro berezia du Gaztenpresak. Joan den ekitaldian 100 mintegi eta lantegi berezi antolatu ziren eta 1.196 lagunek hartu zuten parte horietan. Gainera, Consulting PRO zerbitzutik 1.400 kontsulta baino gehiagori erantzun zieten hainbat gairen inguruko zalantzak argitzeko, hala nola zergei, legeei edota laguntzen gestioari buruzkoak.

Mentoring programa

Gaztenpresa Mentoring programa ere onuragarria da negozio berriak sendotzeko orduan. Ekiten edo enpresa-gestioan eskarmentua duen boluntario batek laguntza eskaintzen dio ekintzaileari, bere iritzia ematen dio eta enpresa-erabakiak sendoago hartzen laguntzen dio gestio-trebetasunak hobetu ditzan. Iaz 147 lagunek hartu zuten parte mentoring programan Prentsa-oharra eta 59 harreman arautu gauzatu ziren. Mentoring programak ematen duen balioaren adierazgarri, Youth Business International (YBI) erakunde ospetsuaren Espainiako taldeak David Mayoral eta Pablo Bringas bikoteari eman zion Mentoring-harreman onenaren 2016ko saria dugu. Mayoral ekintzailea da, Erle Robotics enpresaren sortzailea, eta Bringas mentore boluntarioak LABORAL Kutxan egiten du lan.

Ekintzaileen profila

Enpresa-proiektuari ekiteko asmoarekin Gaztenpresara jotzen dutenek 39 urte dituzte batez beste, eta sexuari erreparatuta erdia gizonak dira eta beste erdia emakumeak. Aukeratutako jarduerari dagokionez, eratzen diren enpresen % 72 zerbitzuen sektorekoa da.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak