2017-10-23T11:35:11+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

First Lego League-eko entrenatzailerik onenak, Idoia Armendariz eta Edorta Arana

2011/03/29

Txapelketako talderik gazteenetakoa izan da Leintz Gatzagako Prototype eta Euskadiko txapelketako kanporaketan aurrera egin ondoren, Espainiakoan ez zuten onenen artean egoterik izan. Hala ere, esperientzia bikaina izan da gatzagarrentzat eta, Idoia Armendariz Fagor Etxetresna Elektrikoetako bazkideak eta Edorta Arana EHUko irakasleak entrenatzaile onenen saria eskuratu dute.
First Lego League-eko entrenatzailerik onenak, Idoia Armendariz eta Edorta Arana

Armendariz eta Arana, lehiaketan parte hartu zuten gazteekin.

First Lego League txapelketa teknologia eta zientziara hurbiltzeko modu erakargarria da gazteentzat, eta erakargarritasun hortik abiatuta, Leintz Gatzagako GUREL guraso elkarteak Lego League Euskadiko txapelketan parte hartzeko proposamena luzatu zien herriko haur eta nerabeei. Bultzatzaileen artean, eta entrenatzaile gisa, Fagor Etxetresna Elektrikoetako bazkide eta ingeniaria den Idoia Armendariz. "Denok ados geunden hasieran jarritako helburuekin: herriko 10 eta 16 urte bitarteko neska-mutikoak dinamika polit baten inguruan martxan jarri nahi genituen, teknologia berriak garatzeko eta taldean lan egiteko". Deia luzatu eta herriko bost gaztetxoren erantzuna jaso zuten: 13 urteko Asier Urizar, Xabi Fernandez eta Aratz Oñederra; eta 12 urteko Ander Arana eta Jon Egidazu.

Taldea osatuta, lanean hasi ziren: informazioa batu, bideoak ikusi… eta hasiera-hasieratik astero zapatu goizetan batzen hasi ziren, eta txapelketaren eguna gertura ahala, asteazken arratsaldetan ere bai. "Herrian sekulako ikusmina sortu zen eta jende askok galdetzen zigun lehiaketaz eta animatzen gintuzten". Abenduaren 11n jokatu zen Euskadiko txapelketa eta ezustean gatzagarrek sekulako emaitza lortu zuten, talde gazteenaren saria eskuratuz: "Lehiaketatik bueltatu ginenean ongietorria eta ezusteko merienda prestatu ziguten".

Robota eta Ibiltrac izeneko proiektu zientifikoa

Txapelketara aurkezteko Lego piezekin egindako robota prestatu zuten. Robotak zenbait eginkizun zituen eta ahalik eta azkarren egin behar zituen gainera. "Biomedikuntza arloko eginkizunak ziren eta funtzio gehienak ahalik eta azkarren egin behar zituen: bi minutu eta erdian. Ebakuntza mahai batean robotak medikuaren lana egin behar zuen.  Hezur bat konpondu, bihotzeko arazo bat, zelulak, pastillak eman, burmuinaren funtzio batzuk, minbizia…".

Taldean lanak banatu zituzten guztia prestatzeko, eta guztiei denetik egitea tokatu zitzaien. "Lan zientifikoa egin, robota garatu, akta ere jasotzen genuen blogean. Gazteena www.blogak.com/prototype eta nagusiena www.blogak.com/gureprototype. Bertan argazkiak, dokumentazioa, komentarioak egiten genituen". Eginkizuna benetan izan da erakargarria eta motibagarria haurrentzat.

Idoiak eta Edortak aditzera eman digutenez, prozesu horretan denetik ikasi dute, "entrenatzaile gisa egiten utzi diegu, akatsekin konturatzeko. Guk lan orduak banatu ditugu, diziplina ezartzen lagundu diegu… baina lanak eta ideiak beraienak izan dira eta benetako protagonistak Gatzagako haurrak izan dira".

Espainiako txapelketa

Espainiako txapelketan bi mila lagunetik gora batu ziren Bilbon, guztira Estatu osotik etorritako 32 talde, hamar lagunekoak bakoitza, eta publikoa ere gerturatu zen, asko gainera. Guztientzat sekulako esperientzia izan zen. "Niretzat izan da mundiala, ikasteko izan duten gaitasuna eta horrelako proiektu bat epaimahai baten aurrean defenditzeko gai izatea, askotan 40 urtekoak ere gai ez garenean. Ni oso harro nago haurrek erakutsi duten konpromiso eta mailarekin", adierazi digu Idoia Armendarizek.

Edorta ere iritzi berekoa da, "lan handia egin dute, baina oso dibertigarria izan da. Poztasuna, emozioa, esperientzia handia… Euskadikoan oso urduri geunden, baina Espainiakoan askoz lasaiago. Gainera leku askotako lagunak egin ditugu, bereziki Arizmendi ikastolako taldekoak, baina baita Donostiakoak, Laudiokoak…". Txapelketan parte hartzeko eginbeharreko bat proiektu zientifikoa zen, eta arlo horretan bereziki lan bikaina egin dute gatzagarrek, Ibiltrac izenekoa, www.blogak.com/prototype gunean ikusgai dagoena. Zorionak, beraz, Idoia, Edorta, Asier, Xabi, Aratz, Ander eta Jon.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak