2017-12-11T04:59:23+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Finlandiatik bueltan, esperientzia kontatu digute LEINNeko ikasleek

2011/12/27

Irungo eta Oñatiko kanpusetako LEINN graduko lehen mailako 58 ikasle izan dira Finlandian kurtso hasieran. Graduan urtero egiten den hasierako ekintza da eta ikasleak motibatu eta pertsona bezala haztea du helburu. Eurekin "helburua lortu" dutela esan digute. Han izandako esperientzia kontatu digute.
Finlandiatik bueltan, esperientzia kontatu digute LEINNeko ikasleek

Zer ikasi duzue?
Bi hilabeteko bidai honetan izugarri ikasi dugu. Batez ere pertsona bezala izugarri hazi gara. Bertako ikasleekin bizi izan gara eta asko balio izan digu haien kulturaz gehiago jakiteko, beste jende batekin elkarbizitzen jakiteko, lagun berriak egiteko eta batez ere ingelesa praktikatzeko.

Desberdintasun batzuk nabaritu ditugu Finlandia eta Euskal Herriaren artean. Jendeari dagokionez, hasiera batean nahiko hotzak dira, nahiz eta behin ezagututa oso jatorrak diren. Prezioei dagokienez, oinarrizko produktuak hemengo antzerakoak dira, baina ez-oinarrizkoak, aldiz, oso garestiak. Batez ere, garraio publikoa.

Bestalde, talde bezala asko hobetu dugu. Alde batetik, elkarren arteko harremana sakondu egin delako eta konfiantza ere hartu dugulako. Horrek eragin handia izan du taldean lan egiterako orduan.

Jijonenca enpresarendako lan egin duzue. Zein izan da egin beharreko lana?
Turroien esportazioan aritu gara. Ohartu ginen Finlandian ez dela turroirik existitzen beraz ideia ona iruditu zitzaigun produktu hau bertan zabaltzea. Egin beharreko lana bezeroak eskuratzea izan da. Helsinkin bertako janari enpresa handienarekin hitz egin genuen (S-Group) eta orain oso interesatuta daude datorren urteko Gabonetarako. Baina oraindik hainbat gai geratzen zaizkigu argitzeko Jijonecarekin. Proiektu oso interesgarria izan da eta ezagutza handiak eman dizkigu nazioarteko merkataritzan.

North Company euskal enpresarendako ere egin duzue lan. Ze lan mota?
Bertara joan aurretik konturatu ginen enpresa hau geroz eta indar handiagoa hartzen ari zela Euskal Herrian. Horregatik, ideia ona iruditu zitzaigun beraien markak Finlandiara zabaltzea. Beraien ideia markak denda txikietara zabaltzea zen. Konpainiarekin hitzarmen bat egin genuen joan aurretik eta bertara heldu orduko lanean jarri ginen buru belarri.

Lehengo bi asteetan Tampere hirian (Finlandiako bigarren hiririk handiena) bizi ginen. Bertan denda txikiak bisitatu genituen, konpainiak esan bezala. Baina, Finlandian denda ia guztiak multinazionalek kontrolatzen dituzte, beraz, oso zaila da marka berriak merkatuan txertatzea.

Hurrengo hilabetean Jyväskylä hirian ere dendak bisitatzen jarraitu genuen. Hala eta guztiz ere, arazoa berbera zela atzeman genuen. Horregatik, North Companyri estrategia aldaketa bat proposatu genion. Hau da, banatzaile handietara marka zuzentzea.

Hala ere, denboraz oso juxtu genbiltzanez, ezinezkoa izan zen proiektua burutzea, eta nahiz eta ezer ekonomikorik ez lortu, ikasketa esperientzia bezala oso positiboa izan zen taldearentzat. Izugarri ikasi dugu proiektu honekin eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu North Companyri gugan konfiantza jartzeagatik.

Bi hilabete egiteko Finlandian lan asko egin duzue, ezta?

Bai noski! Jijonenca eta North Companyrentzat lan egiteaz gain, beste hainbat proiektutan lanean ibili gara. Adibidez, Metso papera egiteko makinak ekoizten dituen enpresarekin lan egin dugu. Lehenik eta behin, beraien konpetentziaren filosofia aztertu dugu, eta beraien produktu berriak promozionatzeko modu berriak eskaini dizkiegu.

Bestalde, gimnasio bati (Elixsia) estrategia berriak proposatu genien bezero berriak eta gehiago erakartzeko.

Finlandiako kafe makina enpresa batekin hitzarmen bat dugu, makina horiek Espainiara esportatu ahal izateko.

Azkenik, proiektu txikiak ere egin ditugu dirua erraz lortzearren: supermerkatuetan inbentarioak egiten, hemengo janari tipikoekin azoka antzerako bat antolatu, tortilak saldu, futbol txapelketak antolatu,...

Ze proiektu duzue orain aurrera begira?
Ufff! Gehiegi! Egutegi berezi batzuk egiteko asmoa dugu, baina urtarrilean ikusi ahalko dituzue. Benetan bereziak izango dira eta.  Bestalde, Finlandiako hockey jokalarien eta hemengo futbol jokalarien arteko trukea egingo dugu.

Azkenik, enpresa euskaldun garrantzitsu batekin lan egiten hasiko gara berehala. Gure blogean ikusi ahal izango dituzue proiektuak: glowcoop.wordpress.com


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak