Fagor Taldeko bazkideek aurrerakinak doitzeko beste plan bat onartu dute

Fagor Taldeko kide diren kooperatibetako bazkide gehienek (Etxetresna Elektrikoak, Elektronika, Arrasate, Industrial, Ederlan, Automation, Copreci eta Mondragon Assembly) aurrerakinak doitzeko norberaren Batzarrean aurkeztu den proposamena onartu dute. Batzar Nagusietan aurrerakinak Lagun-Aroko erreferentziaren %90ean kokatzeko erabakia erreferendum bidez hartu da; proposamena bazkideen %76k babestu du.
Card image cap
2012/05/23

Praktikan, neurri horrek esan nahi du Fagorreko kooperatibetako bazkideek –Etxetresna Elektrikoak eta Elektronika izan ezik–, 2012ko maiatzetik 2013ko apirilera %5 inguruko murrizketa izango dutela aurrerakinetan. Taldeko kooperatiben ahalegin solidario horrek aparteko laguntza emango du Etxetresna Elektrikoek eta Elektronikak krisiari aurre egin ahal izateko.

Fagor Etxetresna Elektrikoei eta Fagor Elektronikari dagokienez, doikuntza handiagoa izango da, bi kooperatibak Lagun-Aroko erreferentziaren %86,4an kokatuko baitira, hau da, aurreko urtearekin alderatuta, lansaria %7,57 murriztuko zaie lehenengo kooperatibako bazkideei eta %8,81 bigarrenekoei. Bi kooperatibetako Kontseilu Errektoreek proposatutako ekimenak %90,5eko eta %87ko atxikimendua lortu dute, hurrenez hurren.

Horrez gain, maiatzaren 23an elkartu zen Fagor Taldeko Batzarrak –beste guztiak integratzen dituen bigarren mailako kooperatiba da– taldeko kooperatiba bakoitzean erreferendum bidez hartutako erabakia berretsi zuen.

Erantzukizun ariketa

Fagorren adierazi digutenez, "Fagor Taldeko 8.900 bazkideek zentzu, erantzukizun eta elkartasun ariketa bat egin dute, krisiaren aurreko une bereziki zailetan". Halaber, iturri berberek diotenez, "azken urteetan aplikatzen ari diren elkartasun mekanismoak hainbat industri sektore, horien artean lerro zuriko etxetresna elektrikoak, nozitzen ari diren egoera zailaren aurrean balio kooperatiboak jatortasun osoz aplikatzeko ariketa dira".

Etxetresna elektrikoetarako osagaiak

Prentsa eta estanpazio sistemen diseinu eta ekoizpena, laminatzea, prozesatzea, metalen mozketa eta txapazko piezen soluzioak.

Automatizazio produktuen garapena eta fabrikazioa eta makinaria kontrola

Automozio osagaiak

Erdieroaleak eta TB analogikoa eta digitala hartzeko sistemak

Sukaldaritza kolektiboarentzako ekipamendu industrial integrala

Muntaketa automatikoaren sistemak