2017-10-20T07:08:00+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Europako gazte legebiltzarraren saioa lehenengo aldiz Euskadin Arizmendi Ikastolaren eskutik

2012/02/16

EYP (European Youth Parliament) egitasmoaren kanporaketa bat Arrasaten jokatuko da otsailaren 25ean. Arizmendi Ikastolak bultzatu du egitasmoa eta Euskadira datorren lehenengo aldia izango da. Ekitaldia Goi Eskola Politeknikoko liburutegiaren aretoan egingo da, ateak irekita.
Europako gazte legebiltzarraren saioa lehenengo aldiz Euskadin Arizmendi Ikastolaren eskutik

EYP egitasmoan parte hartuko duen Arizmendi Ikastolako ikasle eta irakasle taldea.

Arizmendi Ikastolako irakasle eta ikasle talde baten lanari eta dedikazioari esker, EYP izeneko egitasmoak Europako gazteen legebiltzarraren saio bat Euskadin (Arrasaten) ikusteko aukera izango dugu.  Egitasmoaren helburua da Europako kontzientzia hedatzea gazteen artean, europar hiritartasunaren sentimendua hedatzea gazteen artean eta pertsonen garapena bultzatzea eztabaida politikoaren bitartez.

Arizmendi-EYPE

Euskadin egingo den lehenengo saioan 28 lagunek esku hartuko dute, bost ikastetxetako ordezkariak guztiak ere. Eta Arrasateko kanporaketa irabazten duen taldeak aukera izango du Estatuko kanporaketara joateko, apirilaren 25etik 29ra bitartean Sitgesen jokatuko den kanporaketara. Euskadin nor baino nor arituko diren taldeak honako hauek dira: Ibaizabal  Ikastola (Durango), Lauaxeta Ikastola (Zornotza), Aranzadi Ikastola (Bergara) eta Arizmendi ikastolako bi gune, Almen eta Gaztelupe.

17 urteko gazteak

Guztira, Europa osoan, 17 urteko 20.000 gaztek parte hartuko dute aurtengo edizioan. Irati Nafarrate Arizmendi Ikastolako ikaslearentzat, “aukera ona izango da bidaiatzeko eta pertsona zein lekuak ezagutzeko”. Irakasleentzat, berriz, egitasmoak balioko du konpetentzia ezberdinak garatzeko. Komunikazioaren konpetentzia, jende aurrean hitz egiten jakitearena, argudioekin eztabaidatzearena… eta hori guztia ingelesez. “Erronka dotorea izango da eta oso pozik gaude gure ikasleek izan behar duten aukera ez delako nolanahikoa”, adierazi zuen aurkezpenean Xabier Latorre irakasleak.

Eztabaida irekia

“Jorratu beharko dituzten gaiak gaurkotasun handikoak dira eta oro har lantzeko zailak”, esan digute irakasleek. Era horretan, Almen guneko ikasleek Ekialdeko Arabiar Udaberria eta Europako maiatzak 15eko mugimendua jorratu beharko dituzte. Eta galdera honi ahalik eta ondoen erantzuten saiatu beharko dira. Zer egin beharko luke Europar Batasunak hiritar horien eskakizun demokratikoak integratzeko bai Europan eta bai beste lurraldeetan?.

Arizmendi-EYPE3

Gaztelupeko taldeak, berriz, globalizazioa eta ingurumena aztertu beharko ditu. Gainerako taldeek beste zenbait gai jorratu beharko dituzte eta otsailaren 25ean defendatu beharko dute beraien lana. Gaiak dira Bolognako prozesua, energia bideragarriak eta drogen legalizazioa.

Interesa duen orok izango du eztabaidara joateko aukera, izan ere, ateak irekita izango dira. Hori bai, ingelesez izango denez, hizkuntza hori menperatzea ezinbestekoa izango da. Arrasateko kanporaketaren ondoren jokatuko da Sitgesekoa Estatuko ordezkaritza zabalarekin, eta ondoren Europako bi hitzorduak etorriko dira, Amasterdamekoa eta Munichekoa.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak