2017-10-23T06:27:34+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Eroskiko Batzar Nagusiak 2013-16 Plan Estrategikoa berretsi du

2013/07/01

Agustín Markaidek, Eroskiko lehendakariak, 2013-2016 Plan Estrategikoa aurkeztu du, prozesuen eraginkortasunaren, denda-eredu berrien garapenaren eta bezeroekin harremanak ezartzeko modu berri baten aldeko apustua egiten duena.
Eroskiko Batzar Nagusiak 2013-16 Plan Estrategikoa berretsi du

Agustin Markaide, Eroskiko lehendakaria Batzar Orokorrean.

Eroski Kooperatibak urteko Ohiko Batzar Nagusia egin du gaur goizean Elorrion (Bizkaia), enpresaren egoitza sozialean; 500 ordezkarik hartu dute parte batzarrean, bazkide langile eta kontsumitzaileen izenean. Batzar honen helburu nagusia 2012ko ekitaldi ekonomikoko Urteko Kontuak eta kudeaketa onartzea izan da; ekitaldi horretan, kooperatibak 6.222 milioi €-ko salmenta garbiak (BEZ gabe) lortu zituen.

Artezkaritza Kontseiluak, bazkide langile eta kontsumitzaileek hautatutako kontseiluak, zuzendu du Batzar Nagusia. Batzarrak kooperatibako banako kontuak eta kontu finkatuak onartu ditu, bai eta Kudeaketa Txostena ere, ekitaldiko enpresa-kudeaketaren xehetasunak jasotzen dituena. Bileran, Eroskiko lehendakariak, Agustín Markaidek, nahiz zuzendari nagusiak, Javier Amézagak, 2013ko ekitaldirako ildo nagusiak aurkeztu dizkiete ordezkariei. Ildo horiek 2013-2016 Plan Estrategikoaren barnean txertatzen dira. Plan horrek aldaketa-prozesu sakona ekarri dio kooperatibari, eta hainbat erronka proposatzen ditu: barne-prozesuen kudeaketaren eraginkortasuna hobetzea, hipermerkatuen eta hurbileko supermerkatuen eredu berriak garatzea eta bezeroen fidelizazio-programa berria sustatzea.

Hitzaldian, Markaidek aldaketa-prozesuari buruz hitz egin du: “Etengabe aldatzen ari den inguru batera egokitzen ari gara gure jarduera, gure nortasuna galdu gabe, gure balioei eta kultura kooperatiboari leial eutsiz, gure bezeroekin, langileekin eta hornitzaileekin egiten ditugun gauza guztietan aplikatzeko, eta, azken batean, baita gizartearekin dugun konpromisoan ere. Ez da bide erraza izango, plan hau kontsumoaren egoera oso apala den une batean abiarazi baitugu. Hurrengo urteetan testuingurua hobetzen bada, errazago egingo dugu aurrera. Hobetzen ez bada, zailtasun gehiago sortuko dira, baina, hala ere, gure helburua beteko dugu”, adierazi du.

Egoera ekonomiko larriaren eta merkatuko kontsumoa suspertzearen inguruko zalantzen ondorioz, Artezkaritza Kontseiluak 2012ko ekitaldian lortutako emaitzen banaketa zuhurra, kooperatibaren funts propioak indartzera zuzendutakoa, aurkeztu du batzarrean onartzeko. Hala, bada, legeak zehaztutako alderdiei eta Eroski Finantza Ekarpenen titularrekin hartutako ordainketa-konpromisoei erantzun ondoren, erreserba boluntarioen diru kopurua maximizatzeko eta bazkideen kapitala ez ordaintzeko nahiz itzulkinak ez banatzeko erabakia hartu da batzarrean.

Mendeko Finantza Ekarpenen ordainketa

Aurten ere, 2003. urtetik puntu-puntuan egin duenez, Eroskik 2014ko ekitaldiari dagozkion Mendeko Finantza Ekarpenen interesak ordaintzea erabaki du gaurko batzarrean, eta interes horiek 2015eko urtarrilean ordainduko direla bermatu du. Erabaki horrek urte honetako interesen ordainketari jarraipena ematen dio, eta aurtengoak datorren urtarrilaren 31n ordainduko dira.

Lehenengo jaulkipena egin zuenetik, Eroskik 270 m € ordaindu dizkie Mendeko Finantza Ekarpenetan inbertitu zuten pertsonei, 660 milioi €-ko atzemandako baliabideen gainean. Mendeko Finantza ekarpenen ordainketa horrek adierazten du 2002an inbertitu zuen pertsona batek orduan egindako inbertsioaren balio nominalaren % 60 jaso duela interesetan, eta titulu horiek bere esku izaten jarraitzen duen bitartean berorien balio nominalaren gaineko interesak jasotzen jarraituko duela.

Joan den ekainaren 12an, Rosa Carabelek, Eroskiko zuzendari ekonomiko-finantzarioak, adierazi zuen Mendeko Finantza Ekarpenen jaulkipena indarrean zegoen araudia eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak zehaztutakoa betez egin zela, eta EroskiIk, jaulkitzaile den heinean, beharrezko guztia eta komenigarri zen guztia egin zuela inbertitzaileek inbertitzeko erabakia hartu zutenean informazioa eskuetan izan zezaten.

Mendeko Finantza Ekarpenak erakargarriak izan dira inbertitzaileentzat 10 urtez, finantza-merkatuak erori arte. Titulu horiek eskaintzaren eta eskariaren legeei jarraituz kotizatzen dute merkatuan. Carabelek, halaber, adierazi zuen Eroski jabetzen dela merkatuek testuinguru ekonomiko honetan titulu horiei ematen dien likidezia-balioak ez dituela asetzen une honetan inbertsioaren dirua berreskuratu nahi duten inbertitzaileak. Alde horretatik, Carabelek argi adierazi zuen egoera hori ez dela inola ere Eroskiren gustukoa, eta hauxe jakinarazi zuen: Eroskik jaulki zituen titulu horiek, eta, horrenbestez, irtenbide bat emango die inbertitzaileei, bat egiten duelako inbertitzaileekin eta haien egoerarekin, baina ez Mendeko Finantza Ekarpenen jaulkipenak akatsik duelako”.

Kooperatibako organoen berrikuntza

Bileran, Kontseilu Sozialeko kideen erdia berritzera ere jo da; soilik bazkide langileek osatzen dute organo hori, eta lan-harremanei buruzko alderdi guztietan Artezkaritza Kontseiluari informazioa eta aholkua ematea du xede.

Bestalde, Baliabideen Batzordea ere berritu da. Bazkide langileen hiru ordezkarik eta bazkide kontsumitzaileen bi ordezkarik osatzen dute batzordea. Oraingo honetan, bazkide langileen artetik hautagai bat izendatu da, eta beste bat, berriz, bazkide kontsumitzaileen artetik.

Azkenik, Zaintza Batzordearen izendapena onartu du. Bi urtean behin berritzen den organo honek gainbegiratze- eta ikuskatze-funtzioak betetzen ditu, hain zuzen. Horretarako, bazkide kontsumitzaileen bi ordezkari eta bazkide langileen ordezkari bat izendatu dira.

Kooperatibaren gobernuan parte hartzea

Eroski Kooperatibak informazio eta parte-hartze prozesu zabala egiten du bazkideen artean, Ohiko Batzar Nagusia egin aurretik. Ildo horretatik, Batzar Nagusiaren aurretik lau bilera egin dira maiatz eta ekainean ordezkariekin, eta bazkideekin batzar hau prestatzeko beste saio batzuk ere egin dira: 4 saio, bazkide langileekin, eta 6 saio, bazkide kontsumitzaileekin. Horrela, bazkidek informazioa jaso dute, eta kooperatibaren Batzar Nagusian berorien ordezkariek landutako gaiak eta hartutako erabakiak eztabaidatu ahal izan dituzte, Prestakuntza Batzorde deritzenetan.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak