Eroskik nekazaritzako elikagaien 250 euskal hornitzaile batu ditu, tokiko produktuen aldeko apustuari heltzeko

Kontsumitzaileek gero eta gehiago erosten dituzte tokiko produktuak, eta toki-tokiko elikagai ekoizle txikien salmenta %15 igo da 2012tik Euskal Autonomia Erkidegoko EROSKI dendetan.
Card image cap
2014/07/10

EROSKIk nekazaritzako elikagaien 250 euskal ekoizle batu ditu, eta hala, Euskal Autonomia Erkidegoan dituen hornitzaile nagusiekin elkartu da. Egunaren helburua izan da kooperatibaren eta bere hornitzaileen estrategia partekatua eguneratzea, lehen sektorearen aniztasuna bultzatzeko eta kontsumitzaileak erosteko orduan askatasun handiagoa izateko.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikarako sailburuordeak nabarmendu du: “Eusko Jaurlaritza sektore profesional eta lehiakor baten alde ari da egiten; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia produktiboaren oso zati inportantea da sektore hori. Kalitatezko produktuak merkaturatzearen alde ari gara, produktu horiek ekarpen estrategikoa egiten baitiote ekonomiari, kulturari, osasunari, paisaiari eta, azken batean, gizarte osoari”. Orozek oharra egin dio gizarteari: “Herrialde honek lehen sektore estrategikoa, lehiakorra eta bizia izan ditzan, gutako bakoitzaren ahalegina, erantzukizuna eta konpromisoa behar dira erosteko eta kontsumitzeko ohituretan”.

Haren ondoren, hitza hartu du Eric Nougayredek (kontsumo aditua eta Kantar Worldpanelen garapen komertzialeko zuzendaria): “Euskal kontsumitzaileak bestelako portaera dauka, gero eta fresko eta marka gehiago eskatzen baititu”. Horretaz gainera, hauek dira etorkizuneko kontsumitzailearen joerak: merkatu elektronikoa, tokiko produktu ekologikoa eta hautatzeko askatasun osoa.

Erosleak kontsumitzen denaren jatorriari ematen dion garrantzia dela medio, Eva Ugarte EROSKIko zuzendari komertzialak azaldu du tokiko produktuen politika berria zertan datzan: “EROSKI dendak plataforma irekiak dira, eta horietan, eskualdeko elikagaiak saltzen ditugu. Bestalde, kontuan hartzekoak dira erakundeen lankidetzak, sor markak eta adierazpen geografiko babestuak; izan ere, horiei esker eta gaurko kontsumitzailearen egiazko ohituretara egokitzeko etengabeko berrikuntzei esker, tokiko produkturik osatuenak eskaintzen dizkiogu bezeroei”.

Horren ondoren, esan du bere politika berriarekin EROSKIk kontsumitzaileen behar askotarikoak estali nahi lituzkeela, produktu sorta zabalagoa, hurbilekoa, iraunkorra eta osasungarria eskainita eta duen gastu aurrezpenari esker beherapen eta prezio hobeak eskura jarrita.

Bestalde, Ugartek azaldu du kooperatibak zer-nolako aurrerapenak egin dituen autogestioan bere dendetako taldeen lanaren medioz. “Gure nahia da bezeroek tokiko elikagai esanguratsuenak erosteko duten saltokirik onena izatea”, esan du. Horretarako, Zurekin eredu komertzial berria ari da hedatzen EROSKI bere dendetan; eredu berri horren bitartez, saltokiak fisikoki eraldatzen ari da, eta ingurunera gehiago integratzeko kudeaketa berria martxan jartzen. Zuzendari komertzialak zehaztu duenez, Zurekin denda ereduan, espazio berriak daude tokiko produktu freskoei lehentasun handiagoa eta “haren ezaugarri gastronomikoei eta kulturalei balioa” emateko.

Ugartek esan du Euskal Autonomia Erkidegoko 450 hornitzailerekin baino gehiagorekin ari dela lanean EROSKI eta hala urteko 400 milioi euroren balioa duten 10.000 produktu inguru saltzen dituela.

Egun honetan, arreta berezia eman zaie tokiko 300 ekoizle txikiri; ekoizle horiek beren ekoizpen zentrotik hurbileneko EROSKI dendetan merkaturatzen dituzte produktuak. Kooperatiba nabarmen ari da nekazaritzako elikagaien ekoizpen ehunaren eta bere aniztasunaren alde. Ia 2.000 produktu ekoizten dituzte toki-tokiko hornitzaile txiki horiek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko saltokietan %15 igo dira haien salmentak 2012tik; hala, urteko ia 31 milioi euro saldu dira freskoetan eta 71 milioi euro baino gehiago gainerako elikagaietan 2013an.

Tokiko nekazaritzako elikagai ekoizpenaren aldeko konpromisoa

EROSKIren eta bere hornitzaileen arteko lankidetza antolatzeko orduan, kontuan hartzen dira tokiko nekazaritzako elikagaien ETEak laguntzeko hiru konpromiso: ekoizle txikien produktuak kontsumitzailearenganaino iristea; mikroenpresei, ETEei eta kooperatibei begirako kudeaketa komertziala egitea; eta horrelako enpresak handitzen eta profesionalizatzen laguntzeko planetan parte hartzea. “Hornitzaileekin lan egiteko orduan, luzera begirako lankidetza akordioak ditugu eginak, aberastasuna partekatzeko; horretarako, ezinbestekoa da kontsumitzailearen nahiak eta joera berriak laster eta zehazki detektatzea, produktua egoki kudeatzea, prozesu logistikoetan eta kudeaketan eraginkortasunik handienaz jokatzea eta elkarri  promozioa egiten laguntzea”, aipatu du Ugartek.

EROSKIk eskualdeetako ekoizleekin lan eginda tokiko ekonomiaren alde egiteaz gainera,  instituzioekin eta sektoreko erakundeekin harremanak sendotzen eta akordioak egiten ari da, garapen faktore komunen inguruan lan taldeak sortuta; esaterako, “joan den urtean, EROSKIk eta Eusko Jaurlaritzak akordio bat egin zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Lehen Sektoreko Elikagaiak bultzatzeko, eta, azkenaldian, beste akordio batzuk egin dira, marka propioekin sor markako eta adierazpen geografiko babestuko produktuak merkaturatzeko”.

Iraunkortasunaren EROSKI saria

Egun honetan, Elikadura Iraunkorraren saria aurkeztu du EROSKIk, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako elikagaien ekoizleei begirakoa; saria irabazteko, honelakoak behar dute ekoizleen proiektuek: lurra eta ingurumena errespetatzen laguntzen dutenak, osasunaren aldekoak, animalien ongizatea bermatzen dutenak eta tokiko aberastasuna modu iraunkorrean indartzen dutenak. “EROSKIk aitortu nahi ditu gure lurreko produkturik onenak kontsumitzailearen eskura jartzen ahalegintzen direnak eta gainera modu iraunkorrean egiten dutenak” esan du Asun Bastidak, EROSKIko Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak.

EROSKIk bat egin du NIREA Akordioarekin

Egunaren amaieran, Nirea Akordioa sinatu dute Ibon Areso Bilboko Alkateak eta Agustin Markaide EROSKIko presidenteak.  Programa horren bitartez, lehen sektorea piztu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta landa eremuko eta itsasbazterreko ekosistemari eusten eta garatzen lagundu, Euskal Autonomia Erkidegoko garapen ekonomiko eta sozialerako duten garrantzia aitortzeko.

Banaketa komertziala