2017-12-14T14:02:43+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

EROSKIk akordio bat lortu du bankuekin bere zorra berregituratzeko

2014/08/01

Akordio honekin, bere behar finantzarioak bete ditu konpainiak 2019ra arte, eta negozio plana garatzeko etorkizun finantzarioa argitu du. Zor finantziarioa zati ezberdinetan banatuta geratu da, enpresa modu egonkorrean sortzen ari den ebitda positiboaren neurrira. Berriz hartuko da 2011tik etenda zegoen aktibo ez-estrategikoen desinbertsio plana, inbertsio merkatuak pizteko sintomak dituen honetan.
EROSKIk akordio bat lortu du bankuekin bere zorra berregituratzeko

EROSKIk akordioa lortu du bere hartzekodun entitate finantzario nagusiekin, eta hala, bere 2.605 milioi euroko zorra berregituratu du 2019ra.

EROSKIko presidente Agustin Markaidek oso baikortzat jo du zorra birfinantzatu izana: “Kooperatibarentzat beste etapa bat hasiko da, finantza beharrak beteta aurre egingo baitiegu Plan Estrategikoan datozen erronkei”. Hau ere esan du Markaidek: “Gure pasiboa berregituratuta, banaketa negozioa bideratu dezakegu, gure jardunaren oinarria baita, EROSKI berriari begirako pausoak sendotzen joateko eta kontsumitzaileak, hartzekodunak, langileak, gizartea eta taldeko bazkideak asebetetzeko”.Eta hau gaineratu du: "Akordio honek garrantzi handia du EROSKIren proiektu estrategikoa gauzatzeko orduan. Proiektu horren oinarrian dago merkataritza arduraz jorratzea, jendearen ongizateari begiratzea eta eredu kooperatiboan jarraitzea. Ez dugu asmorik kanpoko kapitala sartzeko, iraganean taldearen zati handi batean kanpoko partaidetza inportantea izan badugu ere".

Akordioa zortzi entitate finantziario nagusiekin lortu du, zeintzuek EROSKIren zorraren %85 baino gehiago hartua duten, eta EROSKIren banku poola osatzen duten gainerako finantza erakundeekin partekatu da.

Akordioan, babes osoa eman diote bankuek konpainiaren negozio ereduari, eta  argitu da haren etorkizun finantzarioa. Akordioa hurrengo asteetan formalizatuko da.

EROSKIren finantza egitura berriak irtenbide iraunkorra ematen du hurrengo urteetarako eta konpainiak modu egonkorrean ebitda positiboa sortzeko duen gaitasunaren neurrikoa da; izan ere, erakutsi du egonkor ari dela urteko 250-300 milioi euro inguruko ebitda lortzen, krisiak krisi eta kontsumoa erori den honetan.

Berregituraketan, EROSKIren zorra lau zatitan bereizi da, jatorriaren eta bermearen arabera:

-      Zor seniorraren zatia, 800 milioi eurokoa, konpainiaren banaketa jarduerari berari lotua geldituko da. Bost urterako zatia da, eta %2,5 eta %5 arteko interesak izango ditu, konpainiak sortzen duen altxortegiaren arabera.

-      Desinbertsioei lotuta dagoen zor zatia, 300 milioi eurokoa. Hura amortizatzeko, aktibo ez-estrategikoak salduko dira. Horrela, modu ordenatuan egin ahalko ditu konpainiak desinbertsioak, eta sei hilabeteko gabealdia izango du hasieran.

-      Egiturazkoa ez den zor zatia, 942 milioi eurokoa. Epe luzerako zorra da, eta lotuta dago ebitda hobetzearekin eta adostutako negozio plana betetzearekin. Zati honen amortizazioa “bullet” moduan egingo da bost urte barru, %3,75eko batez besteko interes tasan, eta gabealdia hamabi hilekoa izango da.

-      Higiezinen zor zatia, 563 milioi eurokoa. Diru kopuru hori taldearen baliabideak ez drainatzeko moduan egituratuko dugu, eta higiezin jardunaren emaitzen mende geldituko da, aurreko baldintza berei eutsita.

Finantza berregituratze honekin batera, konpainiak eutsi egingo die bere eguneroko jarduerarako gaur egun dituen 375 milioi euroko zirkulazio lerroei.

Rosa CarabelEROSKIko finantza zuzendariak garrantzia eman dio finantzabidea berregituratzeko akordioari, eta ziur da EROSKIk beteko dituela bere konpromisoak hurrengo urteetan. “Bankuekin adostu dugun pasiboaren egitura ondo ezkontzen da gure negozioarekin eta hurrengo urteetan izango duen eboluzioarekin”. Era berean, hauxe gogorarazi nahi izan du Rosa Carabelek: “Azken bost urteetan, krisi ekonomikoa gorabehera, EROSKIk zorraren 1.200 milioi euro baino gehiago amortizatu ditu”.

Ardatza lehentasuna duten negozioetan eta frankizien hedapenean

Akordio hau dela-eta etorkizun finantzarioa argitu duenez, EROSKI gai izango da Plan Estrategikoari bermez heltzeko. Ardatza lehentasuna duten negozioetan ipiniko du, eta erreforma eta denda irekiera gehiago egingo ditu “zurekin” eredu komertzial berriari jarraituta eta frankizia denden sarea gehiago hedatuta.

Irekita dago MFEak trukatzeko operazioaren atea

Finantzabidea berregituratuta, zenbait finantza entitaterekin egindako aurre akordioa aktibatu ahalko du EROSKIk, Mendeko Finantza Ekarpenak (MFE) etorkizunean hamabi urterako beste mendeko bono bategatik trukatzeko.

Gogoraraztekoa da lehen jaulkipenetik, 2002an, EROSKIk 270 milioi euro ordaindu dizkiela interesetan bere MFE inbertsoreei. 2002ko lehen jaulkipeneko inbertsorebatek dagoeneko inbertsioaren balioaren %63 jasoa izango du interesetan. 2004ko jaulkipenaren inbertsoreak, berriz, inbertsioaren balio nominalaren %51, eta 2007koak %31.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak