2017-10-21T21:38:44+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

EROSKIk 6,5 aldiz biderkatu du negozioaren emaitza operatiboa 2013an, eta EBITDAk 269 M€ eman ditu

2014/05/15

2014ko urtarrilaren 31n amaitutako ekitaldian, 41,4 milioiko etekin operatiboa izan zuen EROSKI taldeak; aurreko urteko 6,3 milioiak baino sei aldiz gehiago; hala, indartu egin du eguneroko jarduera komertziala.
EROSKIk 6,5 aldiz biderkatu du negozioaren emaitza operatiboa 2013an, eta EBITDAk 269 M€ eman ditu

EBITDA ere zertxobait igo da, 269 milioi eurotaraino; izan ere, gastu operatiboak 161,8 milioi euro murriztu dira, aurreko urtekoaren halako hiru. Konpainiak martxan jarri dituen ekintza planek salmenta joerak hobetu dituzte urtearen bigarren zatian, 3,99 puntu aurreko seihilekotik. Hala ere, urte horretan ere txikitu egin zen fakturazioa, ekonomiaren egoeragatik eta kontsumoaren ahuleziagatik. %4,39 jaitsi zen, aurreko urtearen aldean; eta, guztira: 6.698 milioi euro fakturatu ziren.

Konpainiaren jarduera komertzialaren sendotasunari esker, EROSKI taldeak 19 milioi eurotan murriztu zituen galerak 2013ko ekitaldian; hala, 102 milioi euroko emaitza negatiboa izan zuen, aurreko urtean baino %15,7 txikiagoa. Kontuan hartu beharra dago ekitaldiko emaitzak hobetu egin direla finantza gastuak 14 milioi euro handitu eta kontsumitzaileak 79 milioi euro aurrezteko moduko prezio doiketak egin badira ere.

%15,7 gutxitu dira galerak, ekitaldian neurri gogorrak hartu baititu egoera hobetze aldera

2013an, zorraren 71 milioi euro kitatu zituen EROSKIk, eta gaur egun, finantza erakundeekin negoziatzen ari da zorra berregituratzeko; izan ere, bi aldeen nahia da hurrengo urteetan jasangarriagoa izatea finantza egoera. Azken bost urteetan, zorraren 1.255 milioi euro kitatu dira, guztira. EROSKI Sozietate Kooperatiboari dagokionez, narriaduren aurreko (hornidurak kontuan hartu gabe) emaitza operatiboak 94,8 milioi euroko irabaziak eman zituen. Zuhurtziari lehentasuna emanez, balantzearen egoera nabarmen hobetzeko helburuarekin, hornidura handiak egin ziren, 263 milioi euro, hain zuzen ere, eta, ondorioz, kooperatibak 168 milioi euroko emaitza negatiboa izan zuen. Hala, kooperatibak 1.219 milioi euroko funts propioekin amaitu zuen 2013ko ekitaldia.

CAPRABOk, berriz, 17,6 milioi euroko emaitza operatiboa izan zuen 2013an, eta %66 hobetu zuen aurreko urtetik, 1.364 milioi fakturatuta. VEGALSAri dagokionez, 939 milioi euroko fakturazioa izan zuen, taldearen Leongo, Asturiasko, Zamorako eta Palentziako supermerkatuak bere gain hartuta.

Barne eraginkortasuna
Gastu operatiboak %9,76 gutxitu ziren 2013ko ekitaldian; horrela, 161,8 milioi euro aurreztu ditu. Barne prozesuen hobekuntza hau, garraio gastuetan, errentamendu gastuetan eta pertsonal gastuetan egindako ahaleginaren ondorioz lortutako aurrezpenei esker izan da batik bat, eta bereziki azpimarratu beharra dago langile multzo osoak egin duen ahalegina. Gastu operatiboen murrizketa honi dagokionez, prozesu logistikoen automatizazioan lortutako aurrerapenak nabarmendu behar dira. 2013an, freskoen plataforma automatizatua martxan jarri zuten Zaragozan, eta, duela gutxi, Palman inauguratu zuten. Automatizatze bidean dira, berriz, Elorrion (Bizkaia); zuzenbidean, aurten inauguratuko dute plataforma.
Inbertsio horiei esker, asko hobetuko da erakundearen hornidura eta lehiakortasuna janari freskoetan; izan ere, produktu freskoa ekoitzi eta dendara arteko bidea arinago egingo du horrela.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak