2017-10-18T16:45:47+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

EROSKIk 22 milioi euro ordainduko die MFEetan inbertitu zutenei

2015/01/30

Hilaren 2an egingo du ordainketa, hurrengo astelehenean. 2002an MFEetan inbertitu zuenak inbertsioaren %67 jaso du interesetan. Honela gelditu dira aurtengo interesen ehunekoak: %2,771 2007ko jaulkipenerako eta %3,271 aurreko urteetakoetarako. Gainera, Bankuekin adostutako berregituratze finantzarioaren barnean, nahi duenarentzako alternatiba bat sartzen da: ekarpenak iraungitzen den bonu batengatik trukatzea.
EROSKIk 22 milioi euro ordainduko die MFEetan inbertitu zutenei

Hurrengo otsailaren 2an, EROSKIk 2014. urteko interesei dagokien kopurua abonatuko die MFE Mendeko Finantza Ekarpenetan inbertitu zutenei, 22 milioi euro guztira. Ordainketa horretan, %3,562koa izango da interes tasa 2002ko eta 2004ko jaulkipenetarako, eta %3,062koa 2007korako.

EROSKIk 2002an bere hazkundea finantzatzeko lehen jaulkipena egin zuenetik, kooperatibak zuzen ordaindu dizkie urteko interesak inbertsiogileei; dagoeneko, 314 milioi euro guztira. Urte hauetan guztietan, MFEen saria beti izan da %3 baino handiagoa, Euriborra gehi hiru puntukoa izan da beti 2002ko eta 2004ko jaulkipenetan, eta %2,5ekoa izan da diferentziala 2007koan.

2002an MFEetan inbertitu zuenak hasierako inbertsioaren %67 jaso du interesetan. 2004ko inbertsiogile batek, berriz, %55 hartu du interesetan; eta 2007ko batek %34.

"Ekarpenen jabeei urtero ordaindu zaie beren inbertsioaren balio nominalaren arabera, finantza merkatuko kotizazioa edozein izanda ere", adierazi du Rosa Carabelek, EROSKIko Ekonomia eta Finantza zuzendariak. Tituluaren balio nominalaren arabera egiten da MFEen urteko ordainketa, eta ezin zaio galerarik egotzi. Berme horrek berezi bihurtzen du produktua beste mendeko finantza produktu batzuekin alderatzen badugu.

Indarrean dagoen araudiak dakarrenez, finantza produktu honi esker, kooperatibak baliabide propioak era ditzake bere hazkundea finantzatzeko, inbertsiogileari saria ematearen truke, diruaren prezioaren eboluzioaren arabera (Euriborra) eta kooperatibaren emaitza ekonomikoak gorabehera. Mendeko Finantza Ekarpenek zehatz-mehatz betetzen dituzte legezko eskakizun guztiak, eta beti eduki dute Balio Merkatuen Komisio Nazionalaren gainbegiratua eta onarpena, hura arduratzen baita Espainiako balioen merkatuak gainbegiratzeaz eta ikuskatzeaz.

2015. urterako, interes tasa %3,271an geldituko da (%0,271 + %3ko diferentziala) 2002ko eta 2004ko jaulkipenetarako eta %2,771an (%0,271 + %2,5eko diferentziala) 2007korako, eta guztiak abonatuko dira hurrengo urteko otsailaren 1ean.

Finantza merkatuak %21 goratu du 2014an MFEen balioa

Beste finantza titulu batzuekin gertatzen den bezala, merkatuak ematen dio likidezia inbertsiogileei. MFEek rally gogorra izan dute orain urte bat Kontsumobideren bitartekaritzarekin truke akordio bat iragarri zenetik, iraungitzen den beste titulu bat aterata. Ordutik hona, MFEen balioa %21 igo da, eta gaur egun, balio nominalaren %49an ari dira kotizatzen.

2013ko azaroan MFEen balioa minimoan egon zenetik, %79eko igoera izan du kotizazioak.

Trukea eginez gero, %2,8 eta %4 arteko UTB errentagarritasuna emango luke

EROSKI eta finantza erakundeak akordio batera ailegatu dira urtarrilaren 15ean finantza berregituraketarako: nahi duenak MFEak trukatu ahalko ditu hamabi urterako bonu batekin.

"EROSKIk hasieratik erakutsi du borondatea, finantza erakunde komertzialekin batera eta Kontsumobideren bitartekaritzaz, inbertsiogileei alternatiba bat eskaintzeko, nahiz eta MFEek lege arau guzti-guztiak bete, ez baitute —ikusi den bezala— inolako hutsik", gogorarazi du Carabelek. "Trukerako alternatiba horren bitartez, tituluen jaulkitzaileok erakutsi dugu zer-nolako konpromisoa hartua dugun inbertsiogileekin, interesa dakiekeen alternatiba bat eskaintzen baitugu, iraungitze data duelako eta geure irismenean dagoelako"

Hauek dira truke horren ildo nagusiak (betiere MFEen jabeek trukea egitea onartzen badute):

-    Mendeko bonu bat emango zaie (gaurko MFEen kategoria bera izango duena) gaur egungo MFEen balio nominalaren %55ekoa eta hamabi urtera iraungitzen dena; luza daiteke beste bost urtez jabeak hala nahi izanez gero, interes tasa Euriborra gehi %3 izango delarik. Iraungitzen den bonu bat bada ere eta nahiz eta ez duen kooperatibaren betirako funtsaren kalifikaziorik, titulu berri horren interesa berdin geldituko da 2002ko eta 2004ko MFEekiko, eta 0,5 handituko da 2007ko jaulkipenarekiko.

-    Trukea egiteko momentuan, esku dirutan emango da MFEen balioaren %15.

Bonua trukatu eta jaulkitzeko, Balio Merkatuen Komisio Nazionalak eman beharko du baimena, eta aurretik, EROSKIren Batzar Nagusiak onartu beharko du. EROSKIk bonu berriak jaulkitzean, balio merkatuei buruzko legeak dakarren bezala, MFEak dituztenen artean merkaturatuko dituzte finantza entitateek.

Kontsumobideren bitartekaritzari esker diseinatutako prozesu honetan, inbertsiogileak hasierako inbertsioaren %100 baino gehiago berreskuratuko du, bonu berriaren epea amaitu eta gero eta kontuan izanda kobratutako interes guztiak.

10.000 euroko inbertsio baterako, hauek dira truke alternatibarako itzulkinak:

-      2002ko inbertsiogile batek, hamabi urteren buruan bonua iraungitzean, 17.100€ kobratuko luke guztira. Hau da, hasierako inbertsioa berreskuratuko luke, eta %4ko UTB errentagarritasuna izango luke. (Euriborraren eboluzioaren araberako errentagarritasuna)

-      2004ko inbertsiogile batek, hamabi urteren buruan bonua iraungitzean, 15.800€ kobratuko luke guztira. Hau da, hasierako inbertsioa berreskuratuko luke, eta %3,6ko UTB errentagarritasuna izango luke. (Euriborraren eboluzioaren araberako errentagarritasuna)

-      2007ko inbertsiogile batek, hamabi urteren buruan bonua iraungitzean, 13.800€ kobratuko luke guztira. Hau da, hasierako inbertsioa berreskuratuko luke, eta %2,8ko UTB errentagarritasuna izango luke. (Euriborraren eboluzioaren araberako errentagarritasuna)


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak