2017-12-17T14:59:50+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Energia garbien arloko proiektu bat garaile Mondragon Unibertsitatearen PBL Day egunean

2017/03/10

Bigarren urtez jarraian, PBL Day eguna arrakastatsua suertatu zen Mondragon Unibertsitatearentzat. Orona Fundazioan ikasleen 31 talde batu ziren, irakasle eta gonbidatuekin batera.

GEPeko ikasle eta irakasleek, gradu eta masterreko titulazioetan garatzen dituzten PBL desberdinak ezagutzeko eta erakusteko aukera izan zuten atzo Orona Ideo ingurune dotorean. Ikasturte bakoitzeko (Gradu eta Master) PBL bat aukeratzen da, eta horiek guztiek aukera izan zuten Orona Ideon egin zen erakusketan parte hartzeko.

PBL Day

PBL-en erakusketaz gain, egunean zehar beste jarduera desberdin batzuetan parte hartu ahal izan zuten gerturatutakoek: hitzaldiak, workshop-ak, Orona Ideoko instalazioen bisita... Pertsona ezagun asko ere gerturatu ziren Hernaniko instalazioetara: Zuriñe Hidalgo abeslaria, Aintzane Encinas futbol jokalaria, Aitor Francesena surflari itsua... Musika eta giro ederra ez ziren falta izan.

PBL Day

Zein da, baina PBL eredua? Europa iparraldeko eta Estatu Batuetako unibertsitateetan erabiltzen dutenaren parekoa da eta, bertan, ikasleak erabakiak bere kabuz hartzeko eta bere bideari ekiteko gaitasuna garatzen du. Zeharkako konpetentziak eskuratuta, ezagutza teoriko-teknikoak lortzeaz gain, ekintzailetza zer den eta izaera lantzen ere ikasten ditu. Hainbat konpetentzia eskuratzen ditu, hala nola komunikazio eraginkorra, lidergoa edo erantzukizuna, baita jarrera proaktiboa eta eraikitzailea ere, eta erabakiak harteko gaitasuna.

Finean, benetako arazoei aurre eginez, ikasleak irudimena, ekimena, sormena eta autonomia lantzen ditu. Aldi berean, ikaslea taldean lan egiteko prestatzen da, erantzukizunak eta konpromisoak barneratuz, eta ikasketekin inplikatzen da. Metodologiaren funtsa esaldi batean laburbildu daiteke: ez erakutsi, utzi ikas dezaten.

Atzokoan Unibertsitateko proiekturik onenak ikusi ahal izan ziren, eta guztien artean batek sari potoloa eskuratu zuen: mila eurokoa. Proiektua Ekoteknologia prozesu industrialetan - Energiaren ingeniaritzako ikasle talde batek irabazi zuen, haize errota eramangarria proiektuarekin.

Jardunaldiko argazki bilduma


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak