TUlankide MONDRAGON

Arrasateko ETIC Berrikuntza Zentroak eguneroko bizimodurako teknologiarik berrienak erakutsi ditu

2012/05/30
Arrasateko (Gipuzkoa) Teknologia Txertatuen Berrikuntza Zentroa Microsoftek eta MONDRAGON Korporazioak sortu zuten, Informazioaren teknologien berrikuntza eta erabilera sustatzeko, eskualdearen hazkunde ekonomikoan parte hartzeko bide gisa, eta orain The New Everyday Showrooma (erakusketa gela) abiarazi du. Erakustokian teknologia horretan egin diren azken aurrerapausoak aurkezten dira, baita ingurune gero eta adimentsuago eta interaktiboarekin elkarreragiteko modu berritzaileak ere. Hainbat ataletan, mota askotako arloetarako aplikazioak erakusten dira, horien artean etxea, osasuna, energia, automozioa, hiri digitalak edo turismoa.

Gune batean ETICek hiru urtez Etxerako, Smart cities-erako eta Txarteldegi Digitalerako garatu dituen proiektuak ezagutarazten dira. Erakusketan zehar ibilbidea eginez, etxeetara zuzendutako azken aplikazioak ikus daitezke, osasunaren monitorizazioa, domotika, TB interaktiboa eta dieta eta elikagaien kudeaketa ardatz hartuta. Horrez gain, hiri garapenaren eredu berriari lotutako gaiak erakusten dira, Smart cities kontzeptuan oinarrituta, tartean egonik argiteria adimenduna, auto konektatua eta mugikortasun edo mendi ibilirako aplikazioak. Txarteldegi Digitalaren arloan, bisitariek turismo, ostalaritza, hotel, merkataritza gune eta leku publikoen sektoreetarako azken aurrerapenak ezagutu ahal izango dituzte.

ETIC Microsoft

Egunerokotasunerako teknologia

Teknologia txertatuari esker, eguneroko gauzek balio erantsia irabazi eta beren prestazioak hobetzen dituzte, eraginkortasun, fidagarritasun, segurtasun eta konektibitate handiagoa lortzeko. The New Everyday showroom-a azken urteotan teknologia txertatuarekin garatutako proiektuen lagin bat da, eta datozen hilabeteetan txandakatu egingo da, nobedade guztiak erakusteko. Bisitariek teknologien erabilera bistaratu ahal izango dute bertako produktu eta zerbitzuetan, eta gainerako demoen funtzionaltasunak beren aplikazio inguruneetara eraman ahal izango dituzte.

ETIC Microsoft

Proiektuak

Etxerako erakustaldi harrigarrienen artean jantzigela birtuala dago, Kinect teknologian oinarritua: horren bidez, arropa probatu, koloreak konbinatu eta nola geratzen zaizun ikus daiteke, keinuak edo ahotsa erabiliz. Ezaugarri horien ondorioz, erabiltzaileen detekzioarekin eta errealitate handituarekin batera, esperientzia oso erreala da, eta etxean zein dendetan erabil daiteke.

ETIC Microsoft

Showroom-ean proba daitezkeen beste aplikazioetako bat LiveRoute viewer da, Windows Phonerako egokitua: oinez egiteko ibilbide turistikoak erakusten ditu, landa girokoak zein hiri barnekoak, eta punturik interesgarrienak adierazten ditu, geolokalizazioaren bidez handitutako errealitatearen bitartez. Gainera, landa ibilbideak gure kontaktuekin parteka daitezke, eta gomendioak egin, sare sozialen bitartez.

ETIC Microsoft

Halaber, automozioaren sektorean, automobiletarako aplikazioen market bat erakusten da, tabletetan erabiltzeko. Aplikazio ugarien artean, batek ibilbide turistikoak egitea ahalbidetzen du, lekurik interesgarrienak sartuz. Beste batek flotak kudeatzen laguntzen du, eta denbora errealean ibilgailuak eta zerbitzuak banatzen ditu, erabiltzaileen eskaeren arabera.

Turismoaren arloan, halaber, Surface 2ra egokitutako aplikazioak probatu ahal izango dira, hotel eta bulegoetarako. Horri esker, modu erraz eta errealean, turistei monumentuak, museoak eta jatetxeak erakutsi ahal izango zaizkie, gustukoen dutenaren arabera. Eta, hain zuzen ere, taberna eta jatetxeetarako proposamen gisa, interfaze intuitibo eta errealista bat aurkezten da, eskariak arinago gestionatu ahal izateko eta bezeroen itxaronaldia entretenigarri bihurtzeko.

ETIC Microsoft

Microsofteko Teknologia Txertatuen Berrikuntza Zentroko zuzendaria den Natividad Herrastik adiera duenez, "Showroom-aren helburua bisitatzen duten enpresen irudimena eta berrikuntza irekitzea da. Helarazi nahi diegu erakusten ari garen teknologia gure artean dagoeneko dugun etorkizunaren parte dela, ingurune gero eta adimendunago eta interaktiboago batekin elkarreragiteko modu berriak".

Microsoft Ibericako Berrikuntza Zentroetako arduraduna den Sonia Marzok, berriz, zera adierazi du: "Microsoftek Berrikuntza Zentroekin duen helburua da ezagutza transferitzea eta berrikuntza aplikatu bihurtzea, enpresen lehiakortasuna handitzen laguntzeko. Showroom honek berrikuntza zentroak tokiko enpresen akuilu direla erakusten du, teknologia berritzaileagoak bereganatzeko, eta bezeroei soluziorik onena eskaini ahal izan diezaieten laguntzeko".

ETIC Microsoft

MONDRAGONeko MIC dozena bat enpresarekin baino gehiagorekin aritu da beraien produktu eta zerbitzuetarako soluzioak garatzen. Proiektu gehienak lankidetza bidez garatu dira, enpresen eta zentroaren arteko elkarlanean. Horrez gain, MIC Europako proiektuetan parte hartzen ari da, Holanda, Italia, Frantzia, Finlandia eta beste herrialde batzuetako enpresa eta unibertsitateekin.