2017-10-17T18:42:43+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Ekonomia soziala aztergai Oñatiko Soziologia Institutuak antolatutako nazioarteko kongresuan

2011/07/06

MONDRAGON Korporazioak espazio berezia izango du nazioarteko kongresuan; izan ere, Mikel Lezamizek esperientzia kooperatiboaren gaineko hitzaldia eskaini du lehenengo eguneko saioari hasiera emateko. Arrasateko kooperatiben ibilbide historikoa eta egungo egoera nabarmendu ditu hitzaldian.
Ekonomia soziala aztergai Oñatiko Soziologia Institutuak antolatutako nazioarteko kongresuan

Juan Etxeberria, EHUko Uda Ikastaroen zuzendariordea; Sol Picciotto, Soziologia Institutuko zuzendari zientifikoa; Mikel Biain, Oñatiko alkatea; eta Lander Beloki, Enpresagintzako dekanoa.

Oñatiko Soziologia Institutuak antolatutako kongresuan ekonomia soziala, erantzukizun korporatiboa, jabetza pribatua eta partenariadoa, lan eskubideak eta kooperatiben errealitatea izango dira aztergai. Horretarako mahai-inguruak eta hitzaldiak antolatu dira.

Mundu osotik bertaratu dira Oñatira aditu eta entzuleak; besteak beste Euskal Herritik, Errusia, Brasil, Norvegia, Portugal, Uruguai, Argentina, Txile, Mexiko edo Estatu Batuetatik. Hizlari eta entzuleen artean 120 lagun inguruk esku hartuko dute kongresuan. Aurtengo edizioan aurkeztuko diren 87 ponentziek gizarte ekonomia dute ardatz eta bereziki pertsonei lehentasuna ematen dieten jarduera ekonomikoak eta antolaketa zein erakundeak aztertuko dira.

Alternatibak bilatzea

Krisi garaian behar-beharrezkoa da hausnartzea eta orain arteko negozio-bideen aurrean alternatibak bilatzea, ideia eta berrikuntza sakonak landuz. Badaude urte luzez dirauten esperientziak, krisi garaiei ere aurre egin diotenak, lana mantenduz eta bizitzeko baldintzak hobetuz. Horren adibiderik argiena da MONDRAGON Korporazioa. Ondo asmatu du globalizazioaren aurrean birmoldatzen baina, era berean, erronka berriak ditu aurrez aurre eta etengabe ari dira bide berriak urratzen eta ekintzailetasuna sustatzen, besteak beste herririk txiroenetako bilakaera ekonomikoa bultzatu asmoz.

EHUren Udako Ikastaroen barne

Antolakuntzan Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak esku hartu dute, hain justu ere, 2006 urtetik hona EHUko Udako Ikastaroen barruan eskaintzen da Kongresua eta bertan parte hartzeak 30 orduko balio akademikoa du. Informazio gehiago aurki daiteke www.iisj.net webgunean.

Uztaileko zenbakian Sol Picciottori elkarrizketa

TU lankide aldizkariaren paperezko bertsioan ekonomia sozialaren gaineko kongresua mintzagai izango da, eta kongresuaren balorazioa eskatuko diogu Oñatiko Soziologia Institutuko zuzendari zientifikoa den Sol Picciottori.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak