2017-12-17T12:48:40+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Desgaitasunen bat duten pertsonek kudeatutako lehen supermerkatua ireki du Eroskik

2015/10/15

Esperientzia honek bide berria irekitzen du, enplegu soziala eratzeko orduan aukera berriak ematen baititu garapen pertsonalerako, profesional desgaituentzako eta jendearekiko harremanetarako. Eroskiren asmoa da esperientzia hori beste hiri batzuetara hedatzea, frankizia erako denda berrien bitartez, helburu sozialak dituzten erakundeekin batera arituta.
Desgaitasunen bat duten pertsonek kudeatutako lehen supermerkatua ireki du Eroskik

EROSKI eta GUREAK "ekonomia sozialeko" bi enpresek Azpeitian inauguratu dute desgaitasunen bat duten pertsonek erabat kudeatutako Espainiako lehen supermerkatua.

Berrikuntza sozialeko proiektu horrek laneratzeko aukera berriak ekarriko dizkie desgaitasunak dituztenei

Berrikuntza sozialeko proiektu horrek laneratzeko aukera berriak ekarriko dizkie desgaitasunak dituztenei, eta, jendaurreko harreman zuzenaren bitartez, gizartean ikusgarri jarriko dira haien gaitasun eta trebetasun askotarikoak; hala, etorkizuneko irekieren katalizatzaile gisa jokatu ahalko dute.

Eroski/city frankizia supermerkatu berriak gaur ireki ditu ateak jendaurrean. "Talde osoak dugu ilusio berezia, eta prest gaude esperientzia berri honi ekiteko. Zenbait hilabetez prestatu gara Eroskiren beste denda batzuetan, eta prest gara proiektu hau aurrera ateratzeko. Desiotan gaude gure bezeroak zerbitzatzeko", esan du Izaskun Zinkunegi dendaburuak.

Saltokiak 320 metro koadro ditu, eta marka liderretako, marka propioko eta tokiko 3.500 produktu mota izango dira; berebat elikagai freskoak, bereziki sasoiko eta tokiko frutak eta barazkiak. Labe propioa ere badu supermerkatuak, okintzako produktu egin berriak egunero saltzeko.

Irekiera honen aurretik, jardueraren, denboren eta konplexutasunaren azterketa bat egin dute, supermerkatu batean izaten diren prozesuak, zereginak eta funtzioak dendako taldea osatzen duten kideen soslaietara eta gaitasunetara egokitzeko.

Lanpostuen analisirako eta definiziorako, elkarrekin aritu dira Gureak eta Eroski, eta, era berean, hortik abiatu dira azken hilabeteetan desgaitasuna duten guztien prestakuntza plana osatzeko Eroskiren dendetan.

Gureakeko presidente Iñaki Alkortak honela nabarmendu du: "Proiektu honek garrantzi handia du, enplegu sozialaren aniztasunerako; izan ere, desgaitasuna dutenen garapen pertsonalerako eta profesionalerako aukera berrien motor izan daiteke". Gainera, esan duenez, "Eroskiren frankizia ereduak aukera ematen digu jendearekin harremana izanez lan egiteko eta pertsona orok ditugun gaitasunak ikusarazteko".

superEROSKICITY_Azpeitia_oct2015 (01)

Eroskirentzat, "Gureak taldearekin dugun lankidetza aspaldiko urteetakoa da, eta proiektu berri honek kooperatibaren konpromiso sozialarekin lotura estua duten balioak indartzen ditu. Enplegua eratzeaz gainera, desgaitasuna duen soslai askotako jendea erakartzen du lan merkatura", esan du Enrique Martinezek, Eroskiren Frankizia Saileko zuzendariak. "Gure negozio eredua zabaldu dugu beste pauso bat emanez frankizia erako dendak gurekin ireki nahi dituzten ekonomia sozialeko ekintzaileen, kontsumitzaile kooperatiben eta enpresen alde. Enplegua eta aberastasuna eratzeko formula berriak dira", esan du. Frankiziak garatuta, Eroskik landu ditu beste ekimen aurrendari batzuk ere; esaterako, supermerkatu bat ireki du unibertsitateko campus batean eta behin-behineko supermerkatuak jarri ditu musikaren makrojaialdietan.

Beste hiri batzuetara zabal daitekeen esperientzia

Eroski eta Gureak lanean ari dira proiektu berrietan, desgaitasuna dutenentzako enplegu soziala bultzatuko duen frankizia supermerkatuak beste hiri batzuetan irekitzeko. Eroski ari da esperientzia hori beste eskualde batzuetara zabaltzeko aukera aztertzen, asmo sozialeko beste erakunde batzuekin kolaboratuta.

Eroski da Espainian hazkuntzarik handiena izan duen frankizia. Azken urte eta erdian, 110 frankizia denda ireki ditu, 29 milioi euro baino gehiago ireki, eta 666 lanpostu sorrarazi. Horregatik, berriki, Espainiako Frankizien Elkarteak enplegu gehien sorrarazten duen enpresa frankiziatzailea dela aitortu dio.

EROSKI, gaur

Eroskik askotariko 1.897 saltoki ditu: Hipermerkatuak, Eroski/center supermerkatuak, Caprabo eta Eroski/city eta Aliprox, on line dendak, Eroski/Bidaiak bulegoak, gasolindegiak, optikak, Forum Sport kirol dendak, IF lurrindendak eta 21 plataforma logistiko.

Gureak Taldea

Gureak enpresa talde bat da, zeinak helburu duen desgaitasuna dutenei lan aukerak sorraraztea eta kudeatzea; lehentasunez, Gipuzkoan desgaitasun intelektuala dutenei. Gaur egun, 5.000 lagun baino gehiago ditu; horietatik %83k desgaitasun motaren bat dute.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak