2017-08-20T07:44:44+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Danobatgroup-eko Tailer Eskolako lehenengo promozioa prest

2017/06/23

Graduatu dira DANOBATGROUPen Muntatzaileen Tailer Eskolan fabrikazio aurreratuko makina-erreminten proiektuetako aditu izateko prestatu diren lehen promozioko ikasleak.
Danobatgroup-eko Tailer Eskolako lehenengo promozioa prest

Balio erantsi handiko makinak instalatzeko beharrezkoa da espezializazio maila handia edukitzea. Hori dela eta, Danobatgroup makina-erreminten euskal fabrikatzaileak heziketa zentro propioa du duela bost urtetik, benetako ekoizpen ingurunetara egokitutako prestakuntza profesionala emateko.

2012az geroztik industri taldeak Lanbide Heziketa duala (LH) eskaintzen du

2012az geroztik industri taldeak Lanbide Heziketa duala (LH) ematen du bere eskolan, prestakuntza eta lana txandakatuz, Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuarekin (IMH) elkarlanean. Sistemak, funtsean, oinarri teoriko sendoak eta benetako ekoizpen plantetan eskuratutako esperientzia konbinatzen ditu.

Halere, enpresak erabaki zuen beste urrats bat gehiago ematea ikasleen espezializazioan, hirugarren urte bat gehituta. Kurtso berria ohiko gradua osatzen duten bi kurtsoei batuko zaie. Modu horretan, konpainiak lortu du modeloa hobetzea, ikasleen trebakuntza areagotzea eta ikasleak ekoizpen plantetako premietara egiteko behar duten denbora murriztea.

Hiru urteko sistema berritzaile honek eman dituen graduatuen lehen promozioak bere titulua lortu berri du, Fabrikazio aurreratuko makina-erreminten proiektuak prest jartzeko lanetako espezialista egiaztagiria deritzona. Eusko Jaurlaritzak homologatuta dago eta Mekatronikako Goi Mailako Prestakuntza Zikloa eta espezializazio urtea amaitu ondoren ematen da.

Esperientzia balio gisa

Titulazio honen ezaugarri nagusietako bat da ikasleek fabrikazio ingurune operatiboen gainean eskuratzen dituzten ezagutzak.

“Deigarria egin zitzaidan enpresaren garrantzia eta hiru urteko prestakuntza izatea, gehiago ikasteko aukera ematen dizulako. Benetako materialekin egin dugu lan, benetako instalazioetan”, ziurtatu du Mikel Diazek, titulazioa jaso berri duen ikasle batek.

Bere iritziz, prestakuntzaren elementurik garrantzitsuenetako bat da bere pertsonalizazio maila handia eta trebakuntza ezagutza praktiko berriekin osatzeko ematen dizun aukera.

“Hirugarren urte horretan ikastaroak gugan pentsatuta izan dira, prestakuntza pertsonalizatuagoa izan da, benetako makinak jarri ditugu prest eta orain, tailerrean nagoela, konturatzen naiz hasi berria banaiz ere tailerrean aspaldi ari diren lankideek dituzten ezagutza berberak ditudala”, gaineratu du Diazek.

Ikaslearentzat, aparteko urte hori “elementu bereizgarri bat da bere curriculumean, bi urteko lanbide heziketa egiten duten pertsonen aldean”.

Taldeko Giza Baliabideetako zuzendari Ainhoa Fernandezen ustez, espezializazio egiaztagiriaren ikasketak egin dituzten ikasleen lehen promozio honen graduazioarekin taldeak giza kapitalaren prestakuntzaren alde egiten duen apustua sendoagoa da. “Guretzat, Muntatzaileen Tailer Eskola proiektu estrategikoa da, eta pertsonekin eta pertsonen proiekzio profesionalarekin dugun konpromosioa erakusten du”, zehaztu du Fernandezek.

talent-for-the-basque-industry-from-the-classroom-to-the-advanced-manufacturing-plant02

Eskola tailerreko irakaslea DANOBAT artezketa makinaren inguruan azalpenak ematen

Konpromiso historia bat
Muntatzaileen Tailer Eskola funtsezko heziketa proiektua da enpresarentzat, baina euskal industri ehuna garatzen ere laguntzen du.

Eskola 2012an sortu zen eta taldearen instalazioetan kokatuta dago, Elgoibarren. Lanbide Heziketa duala eskaintzen du, prestakuntza eta lana txandakatuz, eta sistema horrekin ikasleek benetako ekoizpen inguruneetan ezagutza praktikoak eskuratzen dituzte, bai eta hizkuntzak ikasi, lan arriskuen prebentzioaren gaineko ezagutzak hartu, atzerriko egonaldiak egin eta normalean ikastetxeetan ematen ez diren beste ezagutza espezifiko batzuk, zeinak ikasleen ikasketen curriculumaren osagarri baitira.

Alemanian arrakasta eduki ondoren sortu zen heziketa gune hau; izan ere, taldeko Alemaniako enpresek jada garatzen zuten heziketa sistema hori beren instalazioetan.

Modeloa indartzen jarraitzeko, pasa den martxoan Gipuzkoako konpainiak hitzarmen bat izenpetu zuen Iñigo Urkullu lehendakariarekin, LH dualeko proiektuak bultzatzeko eta industri ehunaren premiei erantzungo dien espezializazio profil berrien sorrera lantzeko.

Martxoan izenpetu zen hitzarmena beste aurrerapauso bat da DANOBATGROUPen eta euskal erakundeen artean dagoen harreman onaren barruan, komunitate akademikoaren eta lan merkatuaren arteko loturak indartzen batera ari dira eta.

talent-for-the-basque-industry-from-the-classroom-to-the-advanced-manufacturing-plant03

Eskola tailerreko irakaslea DANOBAT artezketa makinaren inguruan azalpenak ematen

DANOBATGROUPi buruz
DANOBATGROUP industri talde bat da eta makina-erreminten fabrikazioan, balio erantsi handiko osagaien fabrikaziorako garapenetan, giltza eskura erako ekoizpen sistemetan eta zerbitzu teknologikoki aurreratuetan espezializatuta dago.

1.300 pertsonako plantilla dauka, eta sektore estrategikoetarako soluzio integralak garatu eta saltzen ditu, esaterako, trenen sektorerako, eta energiaren sorkuntzaren edo aeronautikaren sektoreetarako.

DANOBATGROUP MONDRAGON Korporazioko makina-erremintaren dibisioa da, hau da, Europan dagoen industri talde handienetakoa.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak