2017-12-11T15:57:11+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

DANOBATGROUPek euskarazko hiztegi tekniko digital berrituta argitaratu du

2014/11/28

Badira urte batzuek DANOBATGROUP kooperatiba taldeko enpresek euskararen erabileraren aldeko planak dituztela martxan eta plan horietatik sortutako lanak argitaratu eta jende guztiaren eskura jartzen dituztela. Horien artean, aurtengo honetan berritu eta osotuta aurkezten duen makina erreminta arloko irudi zein hitzak euskaraz kontsultatzeko hiztegia.
DANOBATGROUPek euskarazko hiztegi tekniko digital berrituta argitaratu du

Hiztegi honek, batetik, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara kontsulta teknikoak egiteko aukera eskaintzen du. Bestetik, DANOBATGROUPen diseinatu eta ekoizten diren hainbat makinen irudiak ere agertzen dira eta irudi horietan hiztegiko hitzak ikusi ahal izango dira. Horrez gain, nahi duen guztiak proposamenak egiteko aukera izango du hitzen bat ez badu aurkitu.

Ondorengo URLan dago denentzat eskuragarri http://hiztegia.danobatgroup.com/ eta bertan sartuz gero paperean argitaratzeko aukera ere ematen du.

Artezteko makinak, tornuak, ebaketa eta zulaketako makinak, xafla transformaziorako teknologia eta fresatzeko makinetako plano mekanikoetan agertzen diren terminoekin sortu da batez ere, baina horiez gain, artezketa prozesua definitzeko erabiltzen diren hainbat hitz, Danobat Koop. E.ak argitaratutako Tailerreko Eskuliburu Teknikoan argitaratutako hitzak, eta Ideko Koop. E.ak lantzen diharduen osasungintza, aeronautika eta trenen sektoreko hitzak jasotzen ditu.

Etengabe lantzen ari den hiztegia da hau, eta noizean behin eguneratu egingo da taldeko beste kooperatiba batzuetako terminoekin eta eguneroko lanean sortzen diren hitzekin.

Euskararekiko konpromisoa DANOBATGROUPen

DANOBATGROUPek euskararekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendu eta sentsibilizazio berezia erakutsi ditu sorrera-sorreratik. Atxikimendu hori langileei begira zein gizarteari begirakoa da. Taldeko lantegiak dauden herrietako hainbat ekimenetan parte hartzen du, eta aldi berean, eragileak dira. Gaur egun, DANOBATGROUPen euskara planak daude martxan, erabilera areagotzeko, langileen motibazioan eragiteko eta ezagutza handitzeko.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak