2017-08-18T16:21:27+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Bilbo, Gasteiz, Donostia, Iruña eta Mauleko alkate euskaldunak batuko ditu HUHEZIk

2016/02/25

Ekitaldi historikoa izango da martxoaren 10ean egingo dena. Izan ere, lehen aldiz 50 urtean, bost euskal hiriburutako (Hegoaldeko lauak eta Maule) alkateak euskaldunak dira.

Lehen aldiz historian, hegoaldeko lau hiriburuetako alkateak (Juan Mari Aburto, Bilbo; Gorka Urtaran, Gasteiz; Eneko Goia, Donostia; eta Joseba Asirón, Iruñea) eta Zuberoako alkate bat (Michel Etchebest, Maule) euskaldunak dira. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta Mauleko alkateek euskaraz jakitea eta euren eguneroko jardueretan erabiltzea historikoa da, eta hori aprobetxatu nahi izan du Mondragon Unibertsitateak jardunaldi batean bost alkate horiek biltzeko, euskararekin zer harreman duten eta norberaren udalerrian euskararen inguruan zer erronka dauden azter dezaten.

Euskararekin zer harreman duten eta norberaren udalerrian euskararen inguruan zer erronka dauden aztertuko dute

Jardunaldiaren izenburua hau da: “Alcaldes euskaldunes en las capitales. Relación con el euskera y retos de futuro. Euskal Herriko hiriburuetako alkateak. Euskararekiko harremana eta etorkizuneko erronkak”. Unibertsitate-kolektiboarentzat zein publiko orokorrarentzat da. Gainera, hedabideentzat irekita egongo da, eta streaming bidez ikusteko egongo da (http://mukom.mondragon.edu/mutb/zuzenekoak/). Jardunaldia martxoaren 10ean, osteguna, egingo da, 17:00etan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean (Eskoriatzako campusean). Fakultateko Euskara Batzordeak urtero antolatzen duen kultura-egitarauaren barruan dago, eta euskararen aldeko jardueretako bat da. Sortu zenetik, Mondragon Unibertsitateak euskara gizartearen esparru guztietan eta erakundeetan garatzen laguntzeko eta sustatzeko konpromisoa izan du.

Jardunaldian parte hartu nahi dutenek izena emateko, mezu bat bidal dezakete harrera.huhezi@mondragon.edu helbidera, edo 943 71 41 57 telefono-zenbakira deitu.Jardunaldiaren lehen zatian, parte-hartzaileen udalerrietan euskararen arloan dauden erronketan jarriko da arreta, eta bigarrenean, alkate bakoitzak euskararekin zer harreman duen –alegia, euskararekiko zer ibilbide pertsonal duen– azalduko du.





 



 


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak