Bihar ospatuko da Eskoriatzan Arizmendik antolatutako Ferixie

Urtero bezala, eta dagoeneko igaro dira hamazazpi urte sortu zenetik, aurten ere ekainaren lehenean egingo da Eskoriatzako Ferixie, Arizmendi Ikastolak sustatu eta antolatuta. Goizean goizetik Eskoriatzako kale nagusiak jendez beteko dira, eta askotariko eskaintza izango da. Arizmendi Ikastolako guraso, ikasle eta irakasleekin batera, Eskoriatzako Udala, Jubilatuen Elkartea, Eskoriatzako trikitilari taldea, herriko txistulariak, parrokia eta dantza taldea arituko dira antolakuntza lanetan.
Card image cap
Eskoriatzako ferixiaren aurtengo kartela.
2013/05/31

Orain 17 urte abian jarri zutenek ez lukete pentsatu ere egingo urteekin zein ferixa dotorea bilakatu den Eskoriatzakoa. Izan ere, urtetik urtera berritzen joan da, gauza berriak eskaintzen eta herritarren zein Arizmendi Ikastolaren arteko zubia eraikitzen. Aurten ere dena prest dago, bihar goizean goizetik ferixia martxan jartzeko. Askotariko saltokiak izango dira; inguruko baserrietako ekoizleak (gazta, barazki...), Euskal Herritik eta gure mugetatik kanpo gerturatuko diren artisauak... Era berean, musika eta kale giroa ere ez da faltako egun osoan. Eguraldiak laguntzen badu, festa giroa nagusituko da biharkoan Eskoriatzan eta Arizmendi Ikastolatik dei egiten diete herritar guztiei "ferixan parte hartzeko eta disfrutatzeko".

Irakaskuntza