2017-10-20T03:18:26+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Bihar banatuko dira Euspot lehiaketaren sariak Aretxabaletan

2017/05/10

2017ko Euspot lehiaketaren edizioak marka guztiak hautsi ditu. 51 spot aurkeztu dira, Euskal Herriko bazter guztietatik eta bihar jakingo dira irabazleen izenak. Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan egingo den sari banaketa ekitaldia Iker Galartza eta Aitziber Garmendia euskal aktore ezagunek gidatuko dute.
Bihar banatuko dira Euspot lehiaketaren sariak Aretxabaletan

“Seigarren edizioa orain arteko edizio guztien artetik oparoena izan da, bai kantitate zein kalitatean”, antolatzaileen esanetan aurtengo irabazleen aukeraketa ez da batere erraza izango. Gipuzkoako Foru Aldundia, Aretxabaletako Udala, Arteman Komunikazioa, Mondragon Unibertsitatea eta Arizmendi Ikastola arduratu dira aurten ere antolakuntzaz eta emaitzak oso onak izan dira.

Izan ere, 2017ko edizioan 51 spot aurkeztu dira, horietatik 18 urtetik gorakoak 20 izan dira eta beste 31 lan 18 urtetik beherakoak. Hedapen geografikoa ere inoizkorik handiena izan da. Hala, Hego Euskal Herri osotik iritsi dira lanak aurten Euspot-era eta Gipuzkoak, Bizkaiak, Arabak zein Nafarroak ordezkariak izan dituzte lehiaketan.

Euskaraz kreatibitatea sustatzeko eta gazteen artean ikus-entzunezkoen diziplina berriak bultzatzeko sortu zen Euspot

Sare sozialetan jarraipen handia

Besteak beste, euskaraz kreatibitatea sustatzeko eta gazteen artean ikus-entzunezkoen diziplina berriak bultzatzeko sortu zen Euspot. Eta hain justu ere, harrobi lan horretan indartsu ekin dio aurten antolakuntzak. Ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskainiz eskola eta ikastoletan, zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Eta gazteek sare sozialekin duten harremanaz baliatuz, sare sozialetan ere aurten presentzia handia izan du iragarkien lehiaketak. Hala, publikoaren sarirako 2.800 bototik gora jaso dira. Facebooken, youtuben eta twitterren ere asko izan dira argitaratu diren edukiak. 

Polaroid Snap

Berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da aurten Facebooken egin den zozketa. Polaroid Snap kamera bat zozkatu zen eta 500 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Irabazlea, berriz, Isaura Rodriguez izan da. Gainera, Euspot lehiaketak aurten Webgunea ere estreinatu du, plataforma digital dinamiko eta bisuala. Sare sozialetako jarraitzaile kopuruari dagokienez, bikoiztu egin dira jarraitzaile kopuruak sare guztietan; Facebooken 900 jarraitzailera iritsi da eta Twitterren 275 jarraitzaile ditu.

Publikoaren sarirako 2.800 bototik gora jaso

Sari banaketa bihar 19:00etan

Sari banaketa ekitaldia bihar egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean. Zaraia aretoa jendez beteko da irabazleen izenak zeintzuk diren jakiteko eta lanak txalotzeko.

Ekitaldia herritarrei irekia

Ekitaldi irekia izango da eta euskal panoramako bi aktore ezagunek aurkeztuko dute; Iker Galartzak eta Aitziber Garmendiak. Ekitaldia zazpietan hasiko da eta eskertuko da ikusleak eta parte-hartzaileak hamar-hamabost minutu lehenago iristea bertara. Hedabideei ere eskaera bera eskatzen diete antolatzaileek. Sari banaketaren ondoren, luntxa izango da gerturatzen diren guztientzat.

Spotak ikusgai: http://euspot.eus/publikoaren-sarirako-2-800-boto/

 

 


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak