Beñat Ugartetxea: "Bertsolaritza puri-purian dago gaur egun"

Bizkaitarra izatez, Beñat orain dela hamar urte hasi zen Fagor Arrasaten lanean. Lanetik kanpo bertsolaria da, plaza gizona; iaz Bizkaiko bertso txapelketaren finalean parte hartu zuen.
Card image cap
Beñat Ugartetxea.
2011/03/29

Nongoa zara, Beñat?
Berez Mallabikoa naiz, baina Zornotzan bizi naiz.

Noiz hasi zinen Fagor Arrasaten lanean?
2001eko azaroan sartu nintzen, eta aurretik Fagor Altzarietan egin nuen lan.

Eta zein da zure lana?
Hainbat lan izan ditut, baina gaur egun biltegi txiki batean aritzen naiz, muntatzaileei erremintak ematen, gaizki datozen pieza batzuei erretokeak egiten… eta antzeko lanak egiten ditut. Gehienetan alde batetik bestera ibiltzen naiz, jende desberdinarekin dut tratua eta oso gustuko dut!

Hainbat lanetatik pasatu zarela diozu, zein izan da gustukoena?
Ez dakit, oro har guztietan egon naiz gustura. Hankan dut arazo txiki bat eta horregatik aldatu behar izan ditut lan batzuk, baina bestelakoan uste dut erraz moldatu izan naizela lan guztietan.

Zeintzuk dira zure afizioak?
Kirola egitea gustuko dut: bizikleta, igeriketa, pilota partidak jarraitzea, eta abar. Baina horietaz gain, bertsolaritza da nire pasiorik handiena!

Noiz hasi zinen bertsolaritzan?
Umetan hasi nintzen, 12 urte nituela. Lopategi etortzen zen Mallabiko eskolara bertsolaritza irakasten eta. Ondoren, Peio Mugarzarekin jarraitu nuen; zapatuetan lauzpabost lagun inguru elkartzen ginen bertsotan egiteko harekin. 18 urtetik aurrera, berriz, lagunartean biltzen ginen bertsotan egiteko, eta
horrelaxe joan naiz mundu honetan sartzen.

Txapelketetan ere ibilitakoa zara, ezta?
Bai, horrela suertatu delako, izan ere ez naiz sekula txapelketa zale izan! Dagoeneko bost edo sei txapelketatan hartu dut parte, baina konpetentzia eta lehiakortasuna ez zait inoiz gustatu izan.

Pasa den urtean Bizkaiko bertso txapelketako finalean izan zinen.
Bai, helburua parte hartzea zen eta finalera ere heldu nintzen, beraz, oso pozik! Aurten ez dugu txapelketarik Bizkaian eta datorren urtean, berriz, finalerdietara egingo dut salto zuzenean, aurrekoan finalean egoteak zuzenean finalerdietan parte hartzeko aukera ematen dizu eta. Beraz, ikusiko dugu!

Plaza askotan ibilitakoa zara?
Bai, betidanik izan dut zortea horretan! Urte osoan zehar 50 saio ingurutan parte hartzen dut eta hori, ni bezalako bigarren mailako bertsolari batentzat, asko da! Batez ere Bizkaian kantatzen dut beste bertsolari batzuekin batera.

Ia asteburu guztietan izango duzu saioa, beraz!
Bai, baina familiarekin tartekatzen saiatzen naiz. emaztea eta bi ume txiki ditut eta beraiei denbora eskaintzea da lehentasuna. Horregatik, ez naiz astebururo bertsotan ibiltzen.

Egia esan, badirudi bertsozaleen kopurua gorantz doala!
Horrela da. Nire ustez, bertsolaritza puri-purian dago gaur egun; pozgarria da! Nire ustez, 1990eko hamarkadan igoera nabarmena igarri zen, Hitzetik Hortzera ETBko programa emititzen hasi zenean.

Baduzu gogoan kantatu izan duzun toki bereziren bat?
Asko! Baina ez tokia berezia delako, baizik eta bertakoek oso harrera ona egin digutelako, horrek markatzen du batik bat!

Emakumeen presentziak ere gora egin du.
Bai, baina hori atzetik dator! Badirudi Maialen Lujanbiok txapelketa irabazi eta gero hitz egiten dela emakumeen presentziaz, baina beste maila batzuetan aspalditxo ari dira
emakumeak hainbat sari eskuratzen.

Zein da zuretzat erreferentziako bertsolaria?
Lazkao Txiki, esate baterako, mitoa da bertsolaritzaren historian. Horretaz gain, Izapide, Lopategi, Egaña… gustuko ditut.

Geratzen zaizu kirola egiteko denborarik?
Bai, ez gehiegi, baina saiatzen naiz apur bat egiten.

Prentsa eta estanpazio sistemen diseinu eta ekoizpena, laminatzea, prozesatzea, metalen mozketa eta txapazko piezen soluzioak.