2017-12-13T11:53:57+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Beñat Arzadun: "Mozambiken Mundukiderekin lanean ari diren nekazarien bizitza kalitatea asko hobetu da azken hamar urteotan"

2015/03/17

Mundukidek 2001ean jarri zuen abian Marrupako proiektua, Mozambiken. Erakundeak ordurarte martxan jartzen zuen aurreneko egitasmoa izan zen eta urte hartan bertan iritsi zen Beñat Arzadun kooperantea Mozambikera. Arzadun 2002tik burubelarri ari da nekazaritza arloan hamaika proiektu sustatzen eta pozik dago orain arteko emaitzekin. Otsailean gure artean izan zen, zenbait hitzaldi egin zituen eta Madrilen ere izan zen gestioak egiten. “Sekulako garapena izan du gure proiektuak Mozambiken eta etorkizunera begira ere lan asko dugu egiteko. Kooperatibista ikuspegitik lanak duen balioa bertako nekazariei helarazi nahi diegu”. Proiektuaz oro har eta kooperatiben ekarpen ekonomikoaz aritu gara Beñat Arzadunekin.

Une garrantzitsua bizi du Mundukideren proiektuak Mozambiken, ezta?

Halaxe da, bai. Orain arte egindakoak sekulako fruituak eman ditu eta fase berri baten aurrean aurkitzen gara. Azken urteetan Marrupako proiektuaren tamaina urtero bikoiztu baina gehiago egin da eta 2012tik aurrera fase berri bati ekiten ari gara. Datozen bi urteak oso inportanteak izango dira. Nekazaritzan ureztatzearen erabilera bultzatzeko estrategia berri bat jarri nahi dugu martxan. Nolabait, edonork ulertzeko, Batxilergotik Unibertsitatera jauzia egin nahi dugu.

Mundukide/Mozambike

Zeintzuk dira Mozambikeko baserritar eta nekazariei eskaintzen diezuen zerbitzuaren ezaugarriak?

Nahikoa laguntza zabala eskaintzen dugu; kreditu txikiak, produktu eta teknika berriak erabiltzen hasteko laguntza teknikoa, nekazaritza tresna berriak, ureztatze sistema txikiak eraikitzeko laguntza, merkaturatzerako kontaktu, etb. Gaur egun darabilgun teknikarekin hektarea erdi edo hektarea bateko sailak ureztatzea lotzen dugu. Datozen urteetako erronka bostpasei hektarea ureztatzeko balio duten teknika berriak erabiltzea izango da .

Laboral Kutxarekin 'Zabaldu Iturria' izeneko mikrokredituen kanpaina jarri genuen abian, eta kooperatibetan ere ari gara informazioa zabaltzen

Dirua beharko duzue fase berriari ekiteko.

Laboral Kutxarekin 'Zabaldu Iturria' izeneko mikrokredituen kanpaina jarri genuen abian, eta kooperatibetan ere ari gara informazioa zabaltzen. Guretzat kooperatibetako ekarpen ekonomikoa bereziki inportantea da zeren eta subentzioek ez bezala, unean uneko aukerak aprobetxatzeko behar dugun malgutasuna ematen digu. Era berean, gure izaeratik lanaren balioa azpimarratzen dugu beti. Esan zuen Arizmendiarretak: politikari eta militarrek agindu egin nahi dute, zientzilari eta filosofoek mundua ulertu nahi dute eta langileek mundua eraiki egiten dute. Edozein lorpenen atzean beti dago langilea.

Zein izan da Mozambiken burutzen ari zareten proiektuaren garapena?

2001ean iritsi ginen bertara eta 2002an jarri genuen martxan proiektua. Gaur egun 10.000 familiarekin ari gara lanean, guztira 50.000 pertsona eta aurten 1.000 hektarea baino gehiago ureztatu nahi ditugu. Honetarako bertan lau kooperante, Mozambikeko beste hogei lankide eta laurehun bat baserritar trebatzaile gabiltza.

Gaur egun 10.000 familiarekin ari gara lanean, guztira 50.000 pertsona eta aurten 1.000 hektarea baino gehiago ureztatu nahi ditugu

Sekulako dimentsioa hartzen ari zarete, ezta?

Metodo oso efizientea aurkitu dugu eta oraindik ez dugu sumatzen metodo honen muga gertu dagoenik; oraindik askoz gehiago zabal daitekeenaren itxura du. Hasierako urteetan errepideak egiten lagundu genien, baserrietara eta herrietara iristeko; ondoren nekazaritza enpresak sustatzen saiatu ginen, nahiz eta ez genuen arrakasta handirik izan; eta une honetan proiektua gorengo mailan dago, nekazaritza proiektu oso dotorearekin. Kontutan izan urte hauetan guztietan Mundukidek Mozambiken ‘inbertitu’ duen euro bakoitzeko baserritarrek bi euro baino gehiago irabaztea lortu dugula. Eta gainera euren lanari esker irabazten dute eta ez gaituzte behar irabazten jarraitzeko. Sozialki arrunt proiektu ‘errentagarria’ da eta baserritarren bizitza kalitatea benetan ari da hobetzen.

Mundukidek oraindik badu gutxienez beste hamar urteko lana Mozambiken, baina nahi genuke baserritarrek Mundukide aukera berriak zabaldu zizkien norbait bezala gogoratzea

Nola gustatuko litzaizueke bertako biztanleak zuek gogoratzea Mozambiken lanak amaitu ostean?

Mundukidek oraindik badu gutxienez beste hamar urteko lana Mozambiken, baina nahi genuke baserritarrek Mundukide aukera berriak zabaldu zizkien norbait bezala gogoratzea: euren kabuz, euren lanaz, bizi duinago bat lortzeko aukera berriak. Zenbakitan ipiniaz, nahi genuke lanean ari gareneko lau distrituetako baserritarren gehiengoak (dozenaka milaka) baserriko lanetik, gutxienez soldata minimo baten adinako diru sarrerak izatea. Kontutan hartu gaur egun soldata minimoa hilean 70 eurotakoa dela eta une honetan bataz beste baserritarrek (etxean egin eta jandako ekoizpena barne) horren laurdena bakarrik irabazten dutela.

Aprobetxatu kooperatibetako kideei eta kooperatibei euren ekarpena eskatzeko.

Kooperatiben eta bazkideen ekarpen-ekonomikoak berebiziko garrantzia du

Lehenik eta behin orain arteko laguntza eskertu nahi dut. Badakigu azken urteak ez direla errazak izaten hari eta Mundukide ahaztu ez izana, bihotzez eskertzen dugu. Aurrera begira, aurretik aipatu dizudan moduan, kooperatiben eta bazkideen ekarpen-ekonomikoak berebiziko garrantzia du eta eskatuko nieke laguntzen jarraitzeko. Proiektuak merezi du eta euren ekarpenarekin 100 mila lagun bizi baldintza duinetan bizi daitezke.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak