2017-08-18T03:02:03+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Basque Culinary Centerreko bira Moskura heldu da

2013/11/28

Moskura abiatu diren ordezkariak hauek izan dira: Quique Dacosta eta Marcos Morán sukaldariak, Basque Culinary Centerreko irakasleak diren Jorge Bretón eta Angel Fernández de Retana; eta baita Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia, Joxe Mari Aizega.
Basque Culinary Centerreko bira Moskura heldu da

Dacosta eta Moran chefek, sukaldaritza modernoari buruzko lantegia eskaini dute izen handiko Ragout eskola.

Lankidetzan oinarrituriko mundu mailako sukaldaritza-komunitatea sortzea. Hori da munduan zeharreko biraren, World Tour-Culinary Connectionen, helburua. Basque Culinary Centerrek aurtengo udaberrian abian jarri duen birak beste herrialde batzuetako chefekin jarriko ditu harremanetan sukaldari espainiarrak, Espainiako sukaldaritzan azken 20 urteetan sortutako eta munduko gastronomian erreferentziazko posizioan kokatu duten balioak partekatzeko.

Oraingoan, World Tour-Culinary Connectionen ordezkaritzak Moskura bidaiatuko du, aurretik Sao Paulo eta Singapur bisitatu ondoren. Ordezkaritza honako hauek osatzen dute: Quique Dacosta (3 Michelin izar) eta Marcos Morán (Michelin izar 1) sukaldariek, Abangoardia Berriak irakasgaia ematen duen Basque Culinary Centerreko irakasle Jorge Bretónek (aurreko hilabetera arte La Sucursal jatetxean Michelin izar 1 zuen), Basque Culinary Centerreko irakasle Angel Fernández de Retanak eta Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegak. Hiru eguneko bidaia horretan –azaroaren 25a, 26a eta 27a–, beren herrialdean sukaldaritza modernoan erreferentzia diren Moskuko chefekin bildu da Basque Culinary Centerreko ordezkaritza.

Gainera, biran parte hartzen duten chefek, Quique Dacostak eta Marcos Moránek, Basque Culinary Centerreko irakasle Jorge Bretónen laguntzarekin, sukaldaritza modernoari buruzko lantegia eskaini dute Ragout eskola prestigiotsuan, eta chef biek Moskuko gizarteko hainbat sektoretako ehun gonbidaturentzako afaria prestatu dute The Sad jatetxean. Bestalde, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak zentroa aurkeztu du.

Ordezkaritzak Moskuko errusiar sukaldaririk garrantzitsuenekin lan-bilera bat egin du, horien artean daude: Vladimir Mukhin, White Rabbit jatetxekoa (Moskuko jatetxerik onena 2011n); Ivan Berezutskiy, Grand Cru jatetxekoa; Dimitry Zotov, Entrecote (Antrekot) jatetxekoa; Denis Prevoz (Cefé YexoBb); eta Anton Kovalkov, 2213 jatetxekoa. Moskun lan egiten duten atzerriko honako chef hauek ere bertan izan dira: William Lamberty, Jorge de Angel Moliner, Daniel Phippard eta Andrey Orlov.

Gainera, Moskura egin duten bidaian, Basque Culinary Centerreko kideek gastronomiaren arloko leku garrantzitsuak, jatetxeak, merkatuak... bisitatu dituzte, hiriko gastronomia sakon ezagutzeko.

World Tour – Sukaldaritza-konexioa

Munduan zeharreko bira horretan hamabi chefek hartuko dute parte guztira. Horien artean maila handikoak daude, hala nola Quique Dacosta, Elena Arzak, Rodrigo de la Calle, Paco Pérez, Diego Guerrero, Nacho Manzano, Paco Roncero, Paco Morales, Marcos Morán eta Alvaro Garrido, guztiak Michelin izarren jabe direnak. Chef horiek, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegarekin eta Fakultateko irakasle batzuekin batera, abangoardiako sukaldaritzaren balioak eta proposamenak mundua zehar ezagutarazteko ardura izango dute.

Hala, biraren helburua da Espainiako erreferentziazko chefak mundu zabalean abangoardiako sukaldaritza egiten duten sukaldari ospetsuekin harremanetan jartzea, gastronomiarekin lotutako jardueren bidez. Izan ere, Espainiako gastronomiak azken urteotan izan duen bilakaera azaltzeko balio duten eragileen artean honako hauek aipa ditzakegu: profesionalen arteko harreman pertsonala; sektorearen barruko elkarrizketa, elkartasuna eta eskuzabaltasuna oinarri dituen harremana; eta lankidetzan oinarritutako sareko funtzionamendua. Harreman horiek sustatu nahi dituzte bira honen bidez, Espainiako abangoardiako sukaldaritzaren balioak beste herrialde batzuetako sukaldarien artean hedatzeko. Bestalde, kultura gastronomiko handia duten munduko beste herrialde askotan sukaldaritza eraldatu eta berritzeko mugimenduak sortzen ari dira. Profesional horiek konpromisoa erakusten dute herrialdeko kulturarekin, produktuekin, iraunkortasunarekin… eta antzera ulertzen dute sukaldaritza. Horien artean Culinary Connection bat dago


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak