Azken txanpa kooperatiben arteko hirugarren lasterketa solidarioan izena emateko

Urriaren 22an Urkuluko urtegian kooperatiben arteko hirugarren lasterketa solidarioa jokatuko da. Kirolak eta elkartasunak bat egingo dute kooperatiben arteko festan. Aurten, gainera, Mundukidek bat egin du Fagor Ederlan Tafallak sustatutako elkartasun erronkarekin. Kooperatibista guztiak daude gonbidatuta. Oraindik izena eman ez duten taldeek aukera badute aste honetan guztian eta lasterketa egunean.
Card image cap
2017/10/16

Aitzakiarik ez dago datorren urriaren 22an Urkuluko urtegira gerturatzeko. Kooperatiben arteko hirugarren edizioak berrikuntza ugari eskainiko ditu. Izan ere, hiru modalitatetan egin ahal izango da Urkuluko itzulia; batetik korrika, kooperatiba ezberdinetako ordezkariek osatuko dituzten hiru pertsonako taldeetan; bestetik, nordic walking modalitatean, eta nahi duenak, oinez ere egin ahal izango du.

Elkartasun Erronka

Aurten, gainera, Mundukidek bat egin du Fagor Ederlan Tafallak sustatu duen Elkartasun Erronkarekin eta urriaren 22an festa handia egingo da Urkulun. Izan ere, Fagor Ederlan Tafallako lan-bazkide de Riki Abad ultrafondista, Tafallatik etorriko da korrika Urkulura, Mundukideren lasterketan parte-hartzera. Fagor Ederlan Tafallak hamar urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko balioko du erronkak. Era berean, Abad bizikleta zahar batekin bueltatuko da Tafallara eta bere bidean Nafarroako kooperatiba industrialak zeharkatuko ditu.

Mundukide lasterketa eta elkartasun erronka

Mundukideren asmoa da azken urteetako parte-hartzea gainditzea eta, horrela, garapen kooperatiborako diru gehiago batzea. Izan ere, aurten, bai lasterketak zein elkartasun erronkak kontu korronteak ireki ditu dirua batzeko Mundukideren Mozambiqueko proiektuarentzat eta GERNA erakundearentzat. GERNA da Nafarroako gaixotasun arraroen elkartea eta azken hamarkadan ari da lanean, gaixotasun arraroak dituzten familiekin eta gaixoekin, haien bizitza samurtu guran.

Gogoratu, urriaren 22an izango da lasterketa. Kooperatibistak eta kooperatibak Urkulun batzera deia luzatuta dago. Musika ez da faltako, txalaparta, jai giroa, mokadutxo bat egiteko aukera eta, noski, elastiko teknikoa opari. Gerturatu eta parte-hartu, Mundukideren III.lasterketa solidarioan eta egin bat Fagor Ederlan Tafallaren elkartasun erronkarekin.

Automozio osagaiak