2017-08-19T02:03:05+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Arizmendiko ikasleek Europako foroetan hartuko dute parte

2013/05/16

Irati Lopez, Iker Bengoetxea eta Leire Carreras 16 eta 17 urterekin Europako Gazte Parlamentuko (EYP) azken faserako sailkatu dira. Arizmendi Ikastolako Gaztelupe guneko taldea hamargarrena izan da eta hala, Europako foroetan parte hartzeko aukera izango dute.
Arizmendiko ikasleek Europako foroetan hartuko dute parte

Argazkian ezkerretik eskuinera: June Anduaga, Iker Bengoetxea, Leire Carreras, Irati Lopez, Elena Errasti.

Europako Gazte Parlamentua kultura arteko eztabaidan oinarritzen den gazteei zuzendutako egitasmoa da. Programa hautaketa prozesu bidez egiten da eta helburuak gazteen artean Europako kontzientzia garatzea, komunitateko partaide izatea eta eztabaidaren bitartez pertsonaren aktibotasuna sustatzea dira. Arizmendi Ikastolako Gaztelupeko taldeak hiru faseak gaindituta, Europako foroetan parte hartzeko aukera du. Heldu diren mailako berezitasuna da parte-hartzaileei ez zaiela balorazioa egingo. Era berean, etorkizunean epaimahai bezala aritzeko aukera ere izan dezakete.

Arizmendiren parte-hartzea

Arizmendi Ikastolak bultzatuta iaz egin zen lehenengoz MUko Goi Eskola Politeknikoan, Arrasaten. Elena Errasti Bigarren Hezkuntzako kudeatzaileak parte-hartzearen prozesua azaldu digu: “Ikasleek eskatuta ingeles irakaslea jarri zen harremanetan EYPrekin eta EAE mailan egitea posible zela adierazi zioten, baldin eta hainbat ikastetxek parte hartzen bazuten”. Aurten, Arizmendi Ikastola izan da Europa mailara sailkatu den ikastetxea, orain arteko bakarra.

Ikasleek ibilbidean izandako esperientzia

Ikasleek izandako esperientzia azaldu digute. Horretarako, Irati Lopez, Iker Bengoetxea eta Leire Carrerasekin egon gara, eta baita June Anduaga Batxilergoko irakaslearekin eta Bigarren Hezkuntzako kudeatzailea den Elena Errastirekin ere.

Gazteen ahotik

Iker Bengoetxea: “Lantzen ditugun gaiak ez dira urrutikoak, agian hemendik bi urtera horietako arazo batekin topatuko naiz”.

Irati Lopez: “Gaiak orokorrak dira baina gazteei bideratuta daude: adibidez, langabeziari buruz hausnartu behar bada, langabezia gazteen ikuspuntutik lantzen da”.

Leire Carreras: “Landu beharreko gaiaren testuinguruan sartzen zaituzte (antzerkiak, jokoak...) eta giro jakin bat sortzen da, proiektuak duen puntu erakargarrienetako bat da hori”.

Talde lanaren ahalegina

Irati Lopez: “Arazoak ez dira batenak ala bestearenak, arazoak guztionak dira eta horregatik du taldean aritzeak sekulako garrantzia”.

Leire Carreras: “Batzuetan sinestezinak dira batzuen iritziak eta horrelakoetan burua kontrolatzen jakin behar da”.

Iker Bengoetxea: “Bizimodu eta hezkuntza oso ezberdineko pertsonek osatzen dugu taldea eta denok ados egoteko modu bat aurkitu behar da, eta hori uste baino zailagoa da gaur egun”.

Lortutako konpetentziak

Irati Lopez: “Besteen iritziak entzutea garrantzitsua da, zure iritzia indartu egiten du”.

June Anduaga: “Europako gaiak aztertzeaz gain, beste balore asko ikasten dituzte eta komunikatzeko konpetentziak barneratze dituzte; pertsonekin kooperatu, errespetuaz argudioak kontrajarri, hizkuntzak ezagutu…”

Elena Errasti “Ikastolaren ikuspuntutik gaur egun konpetentzia askok eguneroko bizimoduan eragiten dute eta hezkuntzarako onuragarri diren diziplina horiek ikasi dituzte”.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak