2017-12-15T20:58:47+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Arizmendi Ikastolak First Lego League txapelketako Euskadiko kanporaketara joateko taldeak aukeratu ditu gaur

2013/11/22

Arizmendi Ikastolak DBHko laugarren mailako 80 neska mutiko elkartu ditu gaur Garaia Berrikuntza Gunean, Ikerlanen egoitzan. Guztien asmoa, bakarra: First Lego Leagueko Euskadiko Txapelketan parte hartzea, abenduaren 14an, Zamudion. Barne kanporaketa egin dute Arizmendikoek, talde bakoitza bere robotarekin eta proiektu zientifikoarekin gerturatu da Ikerlanera, eta goiz osoan zehar lehia 'sanoa' nagusitu da gazteen artean.
Arizmendi Ikastolak First Lego League txapelketako Euskadiko kanporaketara joateko taldeak aukeratu ditu gaur

FLG-Arizmendi7

Aurten, aurrenekoz, DBHko laugarren mailako teknologia lerroko ikasle guztiek parte-hartu dute First Lego League txapelketako ikastola barneko fasean. Guztira, Almen eta Gaztelupe guneetako 80 ikasle inguruk, taldeka banatuta, proiektua garatu behar izan dute, eta robotarekin ariketak egin behar izan dituzte, 'euren lana defendatuz eta Zamudion jokatuko den Euskadiko Txapelketan parte-hartzeko txartela eskuratzeko asmoz', adierazi digu Mikel Eguren irakasleak. Abenduaren 14an jokatuko da txapelketa Zamudion, Euskaltelen eraikin zentralean.

FLG-Arizmendi3

Iñaki Agirrebengoa, talde baten proiektu zientifikoaren aurkezpenean, gaur Ikerlaneko egoitzan.

Arizmendi Ikastolako 80 ikasle, 3 irakasle, 9 talde

Gaurko barne txapelketan, Euskadiko txapelketarako sailkapena eskuratzeko baliagarrian, guztira 80 neska mutiko aritu dira, 9 taldetan banatuta. Eta horietatik guztietatik hiru talde aukeratuko dituzte Euskadikora joateko. Taldeek Mondragon Unibertsitatearen eta Ikerlanen babesa jasoko dute, eta arloko profesionalekin garatu ahal izango dute proiektua.

First Lego League hiru zatitan dago banatuta eta guztietan lan txukuna egitea ezinbestekoa da kanporaketak irabazteko. Hain justu ere, lehenik eta behin proiektu zientifikoa egin behar dute: "Aurten naturak eragindako katastrofeei aurre egiteko bideak jorratu eta proiektua garatu behar dute", adierazi digu Iñaki Agirrebengoa irakasleak. Era berean, proiektu tekniko edo teknologikoa ere garatu behar dute, eta egunero-egunero euren bloga elikatu behar dute arlo horretako edukiekin. Hirugarren egitekoa ere ez da edonolakoa, robotaren froga baita: "Agian ikusgarriena, izan ere, robotak eragiketa ezberdinak egin behar ditu, bi minutu eta erdian. Orduan eta misio gehiago egin puntuazio altuagoa lortuko du".

FLG-Arizmendi5

Mikel Egiguren irakaslea, ikasle baten lana jarraitzen.

Laugarren edizioa

Aurtengoa laugarren edizioa izango da Arizmendi Ikastolarentzat, eta aurreko hiru urteetan lan dotorea egin dute txapelketan. Besteak beste, orain hiru urte Espainiako txapelketara sailkatu ziren eta zenbait sari ere eskuratu izan dituzte.

FLG-Arizmendi6

Aurten, ikasleek honako irakasleen laguntza izango dute euren proiektu eta ametsak errealitate bilakatzeko: Iñaki Agirrebengoa eta Mikel Egiguren Gaztelupe gunean eta Beñat Irazabal Almenen. Hiruek gaurko aurkezpenean komentatu digutenez, lehiaketa garrantzitsua bada ere, "inportanteagoak dira lehiaketaren beste ezaugarri batzuk. Izan ere; elkartasuna, elkar-lana, proiektuen taldekako garapenaren kontzientzia... eta beste zenbait balio sustatzen laguntzen digute".

FLG-Arizmendi12

Beñat Irazabal irakaslea, robotaren lana prestatzen.

Argazki bilduma hemen: http://www.flickr.com/photos/tulankide/sets/72157637937345336/


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak