2017-12-12T09:15:06+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Arizmendi Ikastolako hiru talde izango dira First Lego Leagueko Euskadiko kanporaketan

2012/11/30

Arizmendiko Neskak, Arizmendi MGEP eta Arizmendi Ikerlan izango dira Arizmendi Ikastolak Euskadiko First Lego League kanporaketara eramango dituen taldeak. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko 33 talde arituko dira, guztiak ere 16 urtetik beherako neska mutikoek osatutakoak. Ekitaldia Innobasquek antolatu du eta Zamudioko Euskaltelen egoitzan jokatuko da.
Arizmendi Ikastolako hiru talde izango dira First Lego Leagueko Euskadiko kanporaketan

Arizmendi ikastolako ikasle eta irakasle taldea, atzo, Gaztelupen eginiko argazkian.

Goizeko 6:30ean abiatuko dira Arizmendiko ordezkariak Zamudio aldera. Egun luze eta gogorra izango dute aurretik, intentsitate handikoa seguru asko, eta helburua: "parte-hartzea, lan-taldean aritzea, konpartitzea eta esperientzia hau bizitzea da garrantzitsuena, baina irabazi nahi dugu eta Espainiako Txapelketarako sailkatu".

IMG_6901

Arizmendi Ikastolako Almen guneko Arizmendi MGEP taldeko hiru kide Itsaso Arenaza irakaslearekin.

Irabazi baino gehiago, esperientzia konpartitu

Arizmendi Ikastola orain hiru urte aurkeztu zen aurrenekoz First Lego League txapelketan eta hasiera ezin hobea izan zuten. Izan ere, Euskadiko txapelketa gaindituta Espainiakoa kanporaketa jokatzeko aukera izan zuten, eta Europara joateko atarian geratu ziren. Beñat Irazabalek zuzentzen zuen orduko taldea, eta Beñat orain entrenatzaile-irakasleen artean dago. "Sekulako esperientzia bizi genuen eta ordutik urtero parte hartu dugu lehiaketa honetan. Gaitasun zientifikoak, teknikoak garatzeaz gainera, beste konpetentzia batzuk ere lantzen ditugu ikasleekin. Eta horien artean garrantzitsuena elkarlana da".

IMG_6892

Aurten, hiru talde arituko dira biharko saioan, eta aurtengoek ere lan txukuna egiteko asmoa dute. "Gainera, aurten ere Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoaren eta Ikerlanen laguntza jaso dugu eta hori ere oso garrantzitsua izan da".

First Lego League

First Lego Leaguek hiru kanporaketa eta final handia izaten ditu. Aurreneko kanporaketa Euskadikoa izango da, biharkoa. Hori gaintituta Espainiakoa eta Europakoa etorriko dira hurrenez hurren, eta guztietan aurrera eginez gero, munduko txapelketa jokatuko da EEBBetan.

IMG_6895

Arizmendi Ikastolako Gaztelupe gunean, robotarekin frogak egiten.

Talde bakoitzak hiru proiektu aurkeztu beharko ditu, edo hiru gaitasun frogatu beharko ditu. Batetik, aurten, hirugarren adineko pertsonentzat erabilgarria izango den edo aplikagarria suertatu daitekeen proiektu-gailu bat proposatu behar dute, eta txosten idatzi bat aurkeztu. Bigarren froga robotarena da, eta robotak azkar eta ondo egin behar du epaimahaiak ezarritako lana. Hirugarren froga da, robotaren dossier teknikoa eta garapen proiektua. Horiek guztiak aurkeztu behar izan dituzte Arizmendi Ikastolako ikasleek aurtengo edizioan parte hartzeko.

Ea biharko lehenengo saioan zortea duten eta Espainiako txapelketara jauzia egitea lortzen duten.

Argazki galeria: http://www.flickr.com/photos/tulankide


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak