2017-12-15T18:38:56+01:00

Tresna pertsonalak

Arizmendi Ikastolak "Konfiantzaren pedagogia" liburua aurkeztu du Arizmendi Ikastolak "Konfiantzaren pedagogia" liburua aurkeztu du

Arizmendi Ikastola etorkizunerako bidegurutze estrategikoan

2016/01/13

Arizmendi Ikastola 2020ra begira jarri da, eta datozen sei urteetarako prestatzen ari den plan estrategikoak sakoneko aldaketak hartuko ditu bere baitan.

Honen barnean

  • Arizmendi Ikastola etorkizunerako bidegurutze estrategikoan

Azken urteotan abiatutako bideari jarraipena emango dio eta aldaketa pedagogikoak instrumentu profesional guztiak bideratuta baldin badauzka ere, ikastola transformazio baten aurrean dago, eraldaketa totalaren aurrean. Sakon-sakoneko eraldaketari aurre egiteko ikastola osoa inplikatu beharko da, era ordenatuan eta kolaborazioan oinarriturik.

Hartu-emanerako zubiak eraiki beharko dira guztien artean (profesional, guraso, kolaboratzaile eta ikasle) eta une oro komunikazio kanalak funtzionamenduan edukitzea ezinbestekoa izango da. Eraldaketaren hurrengo pausua oraingo ikasturtean egingo da, izan ere, prozesu parte-hartzaile bat abiatuko da ikastolan.

Sakon-sakoneko eraldaketari aurre egiteko ikastola osoa inplikatu beharko da

Arizmendi ikastolak bere buruari erantzun beharko dio zer den, zer nahi duen eta nola egin nahi duen. Ikastolako zuzendari Iñaki Etxezarretaren esanetan, “ikaslearen profila ere lotuta dago eta konfiantzaren metodologiaren hautua hartuta dago. Metodologia berriak, ikasle-irakasle arteko harremanaren aldaketa eragingo du, eta noski, baita tresneri eta espazioen aldaketa ere. Lehen eta bigarren hezkuntzan egin beharko da, haur hezkuntzan egin den bezala. Aldaketa arkitektonikoa egin daiteke arkitekto eta aparejadoreekin eta, era berean, gurasoen, ikasleen eta profesionalen partizipazioarekin”.

Aintzindariak Konfiantzaren Pedagogiaren ezarpenean

Euskal Herrian aitzindari da Arizmendi Ikastola eta askorentzat eredu. Era berean, Arizmendi da Euskal Herriko ikastolarik handiena eta eraldaketa honetan 3.000 ikasle, beste horrenbeste familia eta 300 profesional mobilizatu beharko ditu, eta horretarako kanpoko kolaborazio bat eskatu du, prozesua aktiboa izan dadin, eta aldi berean zorrotza. Mondragon Unibertsitatea izango da kanpoko erakunde laguntzailea.

Arizmendi ikastolak bere buruari erantzun beharko dio zer den, zer nahi duen eta nola egin nahi duen

Guraso zein irakasleentzat ere liburu bat argitaratu da (oinarrizko albistea, data 2016-01-12), informazio teoriko zein praktikoarekin. Aldaketak, ordea, ez du soilik metodologiarekin zerikusia izango, lan-arloari dagokionez, enplegu eta erretiro plana ere jarriko da abian eta, besteak beste, lan-taldearen heren bat aldatuko da ondorengo bost ikasturteetan. Eta prozesu honek guztiak Euskal Herriko zenbait ikastolatan ere oihartzuna izaten ari da. “Ikastola bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak artatzen ari gara, eta formazioa eskaintzen diegu. Laguntzen ari gatzaizkie, diseinatzen euren haur-hezkuntza ikastetxeak eta inplementazioaren aholkularitza egiten. Lehen eta bigarren hezkuntza aldatzera goazen honetan badago Euskal Herrian espektatiba. Guztiak dira ikastolak eta guztiak ikastola kooperatiboak eta autoeraketaren ikuspegitik bide hau jorratu nahi dute”. Aldaketa arkitektonikoak Gela klasikoetatik, 200 metro koadroko espazio irekietara pasatzea proposatuko da Arizmendi Ikastolaren Lehen eta Bigarren Hezkuntzan (Haur Hezkuntzan Jose Arana egokitzeko lanak 2015-2016 ikasturtean egingo dira. Gainerako guztiak eginak daude). Ikasturte honen amaieran ALMENeko lehen eta bigarren hezkuntzako diseinu teknikoa egingo dute, eta ordurako guraso, ikasle eta irakasleen iritziak jaso nahi dituzte. Horretarako, Arizmendi Ikastolaren asmoa da Foro bat sortzea. Espazio berriak oso ondo identifikatuta egongo dira, eta ondo definituta izango dute euren egitekoa: AGORA: Batzar lekua; ESTUDIOA: Ikaskuntza indibidualizatua egiten duena; TAILERRA: Ikaskuntza kooperatiboa; eta ADOSTOKIA: Gatazkak bideratzeko espazioa, adosteko lekua.

lan-arloari dagokionez, enplegu eta erretiro plana ere jarriko da abian

Erreferentziak Europan

Montserrat Ikastetxearekin harremana egina du Arizmendi Ikastolak, eta San Martinetan zuzendaritza osoa bertara joango da. “Lehen eta Bigarren hezkuntzan Montserratekoak nola dauden antolatuta interesatzen zaigu. Gu ikastola kooperatiboa gara eta haiek ikastetxe erlijiotsua dira, baina oso harreman ona dugu haiekin”, adierazi du Etxezarretak. Azken finean, aldaketaren aurrean eta bere historiaren bidegurutzerik garrantzitsuenean, Arizmendi Ikastolak, “Hezkuntza diferente bat eskola diferente batean” eskaini nahi du.

Zuzendarien testigantzak

Amaia Antero | Berrikuntza Pedagogikorako zuzendaria

2013ko irailean hasi zen Amaia Antero zuzendari eginkizunetan, eta hortaz, aurtengo ikasturtean hirugarren urtea beteko du. Berrikuntza Pedagogikorako zuzendari lanetan dihardu, ikastolaren egitasmo pedagogikoa diseinatzen, garatzen eta etapetako zuzendariekin batera inplementatzen. Ikerketa da Amaiaren lanaren zati garrantzitsua. Irakasleen zein gurasoen formazioan aritzen da, eta horrekin batera, ikastolako etapa guztietako zuzendariekin eta ardura pedagogikoa dutenekin koordinazio lanak egiten ditu egitasmoak koherentzia gal ez dezan. Zuzentzen duen zikloari begira, etorkizuneko erronkak zeintzuk izango diren ere aipatu digu Amaiak. “Arizmendi Ikastolan Konfiantzaren Pedagogia hautatu dugu gure marko pedagogiko orokor gisa. Haur Hezkuntzatik hasi eta Bigarren Hezkuntza bitarterako osatu dugu marko hau gure hezkuntza komunitateko eragile guztiekin partekatzea oso garrantzitsua da. Paradigma aldaketa bati buruz hitz egiten ari gara azken batean, eta horretarako, ezinbestekoa da prozesu parte hartzailea abian jartzea”. Eta ondoren, guztion artean irudikatutakoa eta adostutakoa gauzatzea izango da erronka nagusia.

Maider Herce | Lehen Hezkuntzako zuzendaria

2013ko irailean hasi zen Maider Herce zuzendari lanetan eta Lehen Hezkuntzako zuzendaria da. 6-12 urte bitarteko ikasleak hartzen dituen etapa da eta sei mailatan banatzen da. Arizmendi ikastolak lau gune ditu Lehen Hezkuntzako eskaintzarekin; Almen, Arimazubi, Gazteluondo eta Santa Teresa, guztira 1080 ikasle. Arizmendiren egitasmo pedagogikoa aurrera eramatea da Herceren eginkizun nagusia eta “Lehen Hezkuntzan egitasmo pedagogikoari GURA proiektua diogu”. Eginkizun horrek kudeaketarekin lotutako alderdiak ditu alde batetik eta pedagogiarekin lotutakoak beste alde batetik. Aurrera eramateko ikastola mailako zuzendaritza taldearekin, gune mailako arduradun, koordinatzaile pedagogiko eta irakasleekin lan egiten du egunerokotasunean. Erronka nagusiena Konfiantzaren Pedagogiatik Lehen Hezkuntzako proiektu sendo bat eraikitzea da: metodología aktiboetan oinarritutakoa, indibidualizatua, adimen anitzak kontuan hartzen dituena, ebaluazio hezigarria praktikatzen duena… Horrek guztiak ikasle eta irakaslearen rola birplanteatzea eta espazioak behar horietara egokitzea eskatzen du eta une honetan horretan ari da Arizmendi Ikastola.

Elena Errasti | Bigarren Hezkuntzako zuzendaria

Elena Errasti aurreko zuzendaritza taldeko kidea izan zen, Bigarren Hezkuntzako zuzendari modura, eta esperientzia handia dauka arloan: “Urte dexente egin ditut ardura horretan”. Zuzendaritza ekipo berrian, aurtengoa da hirugarren ikasturtea. Gaur egun, Errastiren ardura nagusia da Arizmendi Ikastolako Egitasmo Pedagogikoa DBHn, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan garatu dadin laguntzea eta gidaritza egitea: “Egitasmo horretan markatutako egitekoari, iparrari begira jartzen ditugu urtez urteko plangintzak. Horrekin batera, zuzentzen dudan unitateko pertsonak horretan, Ikastolako Egitasmo Pedagogikoarekin ilusionatu daitezen, horretan zentzua topatu dezaten laguntzea, profesionalizaziorako testuinguruak sortuz, da nire egiteko garrantzitsua”. HHtik datorren eta LHn hasita dagoen eraldaketa pedagogiko-arkitektonikoa, Konfiantzaren Pedagogia hautu nagusi modura duena, Bigarren Hezkuntzan garatzea da egun Errastiren eta Arizmendi Ikastolaren erronka. Azkeneko urteetan ekindako berrikuntzari, digitalizazio bideari, jarraipena eman, konfiantzaren begirada batetik, pertsonak begiratzeko zehaztu den modu horretatik.

Aitor Elizaran | Haur Hezkuntzako zuzendaria

2013-14 ikasturtetik da Aitor Elizaran zuzendaritzako kide. Une honetan, zuzendaritzako gainerako kideekin batera, burubelarri ari da Arizmendi ikastolan eraikitzen ari diren Egitasmo Pedagokikoa Haur Hezkuntzan egokitzen, etaparen ezaugarriak kontutan hartuz, bai pedagogiari eta kudeaketari dagokionez, eta etapa guztien arteko koherentzia lortuz. Arizmendi ikastolan hezkuntza-jarduera guztiak helburu nagusi bati begira daude: bizitzako egoerei erantzuten dakiten eta erantzuten dieten pertsona euskaldun kooperatiboak garatzen laguntzea. Arizmendi Ikastolan badira 7 ikasturte Haur Hezkuntzan eraldaketa pedagogiko sakon batean murgildu zirela. Irakasleen, gurasoen eta ikaslearen egitekoa, lan egiteko modua, espazioak, denborak eta beste hainbat aspektu aldatu egin dira Arizmendiko Haur Hezkuntzaren eguneroko praktika pedagogikoan. Erronken inguruan galdetuta, argi dauka Elizaranek: “Haur Hezkuntzako profesionalak eta familiak formatzen/aholkatzen jarraitzea eta Haur Hezkuntzan hasitako bideak zentzua izan dezan, ezinbestekoa zaigu Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan jarraipena ematea eta Haur Hezkuntzako profesionalek beraien praktika onak beste etapetako lankideekin partekatzea”.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak