2017-08-20T13:49:55+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Arantza Tapia sailburuak Mondragon Unibertsitateko laborategiak bisitatu ditu

2015/09/02

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren funtzionamendua ezagutu eta bertako laborategietan garatzen ari diren proiektu teknikoetako batzuk bertatik bertara ezagutzea izan da bisitaren helburua. Bisitaldian, hainbat sektoretako enpresekin eta Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareko beste eragile batzuekin batera garatzen ari diren ikerkuntza- eta transferentzia-proiektu nagusiak (teknologikoak zein ez-teknologikoak) erakutsi zaizkio sailburuari.
Arantza Tapia sailburuak Mondragon Unibertsitateko laborategiak bisitatu ditu

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, Arantxa Tapiak, Mondragon Unibertsitatea bisitatu du gaur, irailak 2, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estíbaliz Hernáezekin eta Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendari Aitor Urzelairekin batera.

Zientzia eta Teknologia Plana

Bisita hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 Planaren (ZTBP 2020) esparruan kokatuta dago. Planak hainbat ildo estrategiko jasotzen ditu Euskadiko enpresen industria-lidergoa sendotzeko. Ildo estrategiko nagusiak honako hauek dira: Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren bikaintasuna handitzea; giza kapitalaren garapena bermatzea; eta teknologia eta berrikuntza bultzatzea espezializazio adimenduneko arloetan, hots, Fabrikazio Aurreratuan, Energian eta Biozientzia/Osasunean.

Mondragon Unibertsitateak ikerkuntza-eredu bat garatzen dihardu, Euskadiko enpresekin –bai enpresa eragileak, bai ETEak– epe luzeko elkarlanean. Eredu horrek bateratu egiten ditu unibertsitatearen ikerkuntza-lana eta enpresek ezagutzaren, teknologiaren eta giza kapitalaren alorretan geroan izango dituzten beharrak.

visita consejera tapia a mondragon unibertsitatea 2

Unibertsitateko laborategiak bisitatu

Sailburuak Mondragon Unibertsitateko laborategietan egindako bisitan, hainbat sektoretako enpresekin elkarlanean egiten ari diren ikerkuntza- eta transferentzia-proiektu nagusiak (teknologikoak zein ez-teknologikoak) ezagutu ditu. Hona hemen sektore eta enpresa horietako batzuk: aeronautika (ITP), automozioa (Mondragon automoción, CIE Automotive,  ….), jasoketa (Orona ), garraioa (CAF … ), energia (Ingeteam,Ormazabal, Ampo), ekipamendu ondasunak eta makina erreminta (Fagor Arrasate, Batz,Shuton, Matrici, Goizper…. ), kontsumo ondasunak (Copreci, Eika, …).

Era berean, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileekin ETORTEK programen barruan garatzen ari diren ikerkuntza estrategikoko proiektuak aurkeztu zaizkio sailburuari. Mondragon Unibertsitateko arduradunek ZTBESko beste eragile batzuekin ELKARTEK programa berriaren esparruan lantzen ari diren proposamenak ere aurkeztu dizkiote, batez ere arlo hauetan: fabrikazio aurreratua, Industry 4.0, energia, eta industriarako zerbitzuetako negozio berrien sorrera.

Enpresekin elkarlanean jardutearen helburua haien lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako bide nagusiak hauek dira: enpresen berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa bultzatzea, ezagutza garatzea enpresen produktuak eta zerbitzuak lehiakorragoak izan daitezen, eta ZTBP 2020 planaren bidez lortu nahi den industria-lidergoa ahalbidetuko duen giza kapitala eskaintzea enpresei.  Zentzu horretan, esan daiteke enpresek erabakimenez inbertitzen dutela Mondragon Unibertsitatearekin duten lankidetza mota horretan. Horren ondorioz, gaur egun, Mondragon Unibertsitatearen ikerkuntza- eta transferentzia-jardueraren % 50 enpresek finantzatua da.

Adierazpenak

Bisitaldian zehar sailburuak komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, “Euskadin nahi dugun ekonomia lehiakorra lortzeko, areago estutu behar dugu unibertsitateek, zentro teknologikoek eta enpresek osatzen duten triangelua”.

Zentzu horretan, honako hau azaldu du: “Euskal unibertsitateek oso eginkizun aktiboa dute ezagutza sortzeko, eta ezagutza hori industriara eta enpresetara eramaten laguntzen dute. Euskal industriak eta, batez ere, ETE-ek gero eta laguntza handiagoa behar dute ikertzaileengandik –erantsi du-; behar hori ikertzeko beste modu bat sorrarazten ari da: elkarlaneko ikerkuntza, eta Mondragon Unibertsitatea horretan ari da dagoeneko”.

Bestalde, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak nabarmendu duenez, “unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza funtsezkoa da Euskal Herriko ekonomia garatzeko eta  hemengo enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Gaurko bisitaren helburua da, hain zuzen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekin partekatzea bideratzen eta hobetzen ari garen ezagutzaren transferentziako enpresa-sarera, Euskadiko enpresen industria-lidergoa sendotzea xede duena”.

Ildo horretan, Mondragon Unibertsitateko errektoreak honako hau gehitu du: “Gure Unibertsitatean elkarlaneko ikerkuntzaren eredua erabiltzen dugu; horren bidez bateratu egiten ditugu unibertsitatearen ikerkuntza-jarduera eta enpresek ezagutzaren, teknologiaren eta giza kapitalaren alorretan geroan izango dituzten beharrak”.<0}

Bukatzeko zera esan du errektoreak: “Mondragon Unibertsitatearentzat garrantzi handikoa da unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza hori, industria-lidergoari eusteko, eta ikusten da enpresak horren aldeko apustua eta inbertsioak egiten ari direla”. Horren erakusgarria da, gaur egun, Mondragon Unibertsitatearen ikerkuntza- eta transferentzia-jardueraren % 50 inguru enpresek finantzatua dela.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak