MONDRAGON Korporazioari buruz arituko dira Al Jazeeran

Al Jazeera English kateko hiru kazetari MONDRAGON Korporazioaren inguruko erreportajea egiten ari dira. Gaur, astelehena, Korporazioaren egoitza nagusian izan dira, baita Fagor Arrasate eta Mondragon Unibertsitatean ere.
2012/02/27

Kooperatiben Nazioarteko Urtea-ren harira asko izan dira MONDRAGON Korporazioa bisitatu duten medioak. Joan den astean, adibidez, Malagako produkzio-etxe bateko kideak izan ziren bisitan, CECOP-ek (The European Confederation of Workers’ Cooperatives, Social Cooperatives and Social and Participative Enterprises) zuzentzen duen dokumental baterako elkarrizketak eta grabaketak egiteko. Gaur goizean, berriz, Al Jazeera English telebista kateko hiru kazetari izan dira Arrasaten.

Al Jazeera English munduko kooperatiben inguruko zenbait erreportaje ematen ari da eta erreportaje sorta horren barruan arituko dira MONDRAGONi buruz.

Goizean Fagor Arrasaten izan dira bisitan eta bertako bazkide eta presidente den Aritz Otxandianori egin diote elkarrizketa. Arratsaldean Mondragon Unibertsitatera joan dira eta bertako ikasle bat elkarrizketatu dute.

Martxoaren 8an emango dute MONDRAGONi buruzko erreportajea.