Abian da MONDRAGONen 2017-2020rako euskararen plan estrategiko korporatiboa

Hiru ildo estrategiko landuko dira ziklo estrategiko honetan: jarraibide esparruan sakontzea, ezagutza partekatzea, eta baliabideak eta egitura kudeatzea.
Card image cap
2017/03/21

TU Lankide paperezko azken aldizkarian jaso den artikuluan aipatzen den bezala, abian da euskararen plan estrategiko korporatiboa.

Jarraibide esparruari dagokionez, Euskara Normalizatzeko Oinarriei (ENO) eutsiaz gain, erreferentziazko eredua landuko da. Horrela, batetik, kooperatibek bi urtez behin jarraituko dute betetzen ENOrekiko autoebaluazio ariketa; eta bestetik, berariazko azterlanak garatuz eta iradokizun postontzia kudeatuz, kooperatiben hobetzekoak identifikatu eta garatzeko bideak landuko dira. Horretaz gain, normalizaziorako erreferentziazko eredua ere landuko da:  lehenik,  hizkuntza-normalkuntza definituko du Mahaiak, eta, ondoren, normalizazio estadioari dagozkion atalak landu eta garatuko ditu, hala nola nazioartekotzea eta euskara, hizkuntza eskakizunak, kontratazioak, ikasleekiko jokaerak eta kudeaketa.

Bestalde, alde batetik, enpresa kulturari buruzko diagnostikoetan euskararen kudeaketak tartea izan dezan sustatuko da eta, bestetik, euskara planik ez dutenengana ere joko da, MONDRAGONen jarraibideen eta euskara planen dinamiken berri emateko eta jauzi egiten laguntzeko.

Gainera, ziklo estrategiko honen beste helburu nagusietako bat da MONDRAGONen izaera euskalduna zabaltzea: Korporazioan antolatutako ekitaldietan euskararen erabilera indartzea. kanpo agerraldietan euskararen aukera aztertzea eta erabilera lehenestea. Zentzu horretan soziolinguistika klusterraren “Jendaurrean erabili” egitasmoan parte hartzea aurreikusi du MONDRAGONek.       

Ezagutza partekatzeko ildoari dagokionez, batetik, Korporazioko euskara planen ezaugarriak jasotze dituen bilduma eguneratuko da eta, bestetik, mintegiak eta topaketak antolatuko dira lehenesten diren gaiak lantzeko.

Artikulu osoa irakurgai dago kolaborazioetan: http://www.tulankide.com/eu/kolaborazioak