2017-08-24T08:57:29+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Abian da Kooperatibagintzan Aditu Tituluaren 9.edizioa

2016/10/18

Kooperatibagintzan Aditu Ikastaroa 2008.urtean jarri zen abian, biziberritze kooperatiborako estrategiak indartu eta bultzatzen duen hezkuntza tresna izateko helburuarekin.
Abian da Kooperatibagintzan Aditu Tituluaren 9.edizioa

Ordutik bederatzi edizio segidan egin dira, eta aurtengo edizioa barne, guztira Mondragon Taldeko 178 kooperatibistak parte hartu izan dute 30 kooperatiba desberdinetatik etorriak.

Gaur egungo erronkak eta testuinguru globalizatua kontuan izanik, ikastaroak biziberritze kooperatiboaren prozesuan ekarpena egin nahi du, Identitate Kooperatiboaren ikuspegi eta analisi integrala eskainiz.

Helburu zehatzak

Errealitate kooperatiboa ulertu eta aztertzeko ikasleari ezagutza teoriko-praktiko sendoa eskaintzea da helburua. Baina, era berean, kooperatiba ezberdinetako partaideen artean gogoeta bultzatzea eta beraien artean praktikak konpartitzeko abagunea sortu nahi du. Krisi sistemikoaren testuinguruan kooperatibismoak dituen erronkak identifikatzea eta formula kooperatiboa pertsona eta komunitatearen garapena bultzatzen duen tresna gisa baloratzea ere bilatzen du. Eta biziberritze kooperatiboa ipar duen proiektu baten bitartez ikastaroan jasotako ezagutzak eta erremintak aplikatzea.

Nori zuzendua?

Aditu ikastaroa organo sozial eta exekutiboetako kideei dago zuzenduta. Baita proiektu kooperatiboa bultzatzeko ahalmena eta sentsibilitatea duten pertsonei eta bere burua kooperatibagintzan janzteko gogoa duen orori.

Edukiak

Honako hauek izango dira eduki nagusiak: Aldaketa prozesuak gizarte garaikidean; Arrasateko Kooperatiba Esperientzia: sorrera, bilakaera historikoa, ezaugarri nagusiak eta etorkizuneko erronkak; Kooperatibismoa, eraldaketa soziala eta garapen komunitarioa; Demokrazia eta parte-hartzea ikuspegi kooperatibotik; eta pertsona erakunde kooperatiboaren baitan: kultura kooperatiboa, lidergoa eta motibazioak.

Moduluetan Kooperatibagintzari perspektiba hirukoitz batetik helduko diogu: teoria eta ezagutzan sakonduz, kooperatibagintzan bizipen metatua duten protagonisten zuzeneko lekukotzak konpartituz eta kooperatibisten artean hausnarketa eta elkarrizketarako tarteak zabalduz.

Partaideek kurtsoan proiektu bat landuko dute, ikasitakoa kooperatibetan modu praktikoan gauzatua izan dadin. Proiektua, kooperatiba bakoitzak duen behar eta erronka zehatzetatik abiatuz, biziberritze kooperatiboaren esparru batekin lotura izango du. Bere helburua da ekintza plan, hobekuntza plan edo proiektu zabalago baten diseinuaren bitartez ikastaroan zehar landutako edukiak kooperatibetara bideratzea. Proiektu bakoitzak Lanki – Lankidetzaren ikertegiko irakasle baten tutoretza izango du.

Honako hauek dira, eredu gisa, beste urteetan aurkeztutako proiektu batzuen izenburuak:

- “Kontseilu Sozialerako eskuliburua”.

- “Parte-hartze instituzionalaren garapena: komunikazio kanalen analisia”.

- “Kooperatibismoa kudeatzeko sistematika baten ezarpena”.

- “Giza Balantze Kooperatiboa”.

- “Harrera planaren diseinua” .

- “Erantzukizun Kooperatiboa: talde lanean aritzeko eredu berria”.

Informazioa

Kurtsoa Otaloran eskainiko da, 9:00 – 14:30ak bitarteko saio presentzialetan, ostiralero. 

Ikastaroa urriaren 14an hasi zen eta martxoaren 31n amaituko da. Era berean, proiektua 2017ko azaroan aurkeztu beharko da.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak