Lagun-Aro EPSVren jakinarazpena

LAGUN-ARO, EPSVk Enplegu Laguntzaren prestazioa finantzatzen duen kuotaren igoera bat proposatzen dio bere Batzar Nagusiari, Fagor Etxetresnakeko bazkideekin dituen konpromisoak betetzeko.
2013/11/20

Kontseilu Errektorearen proposamen horrek Kooperatibetako lansari kostuen %1,5eko igoera ekarriko du eta Kooperatiben berezko elkartasun mekanismoak berresten ditu.

LAGUN-ARO, EPSVk, era berean, egoera horrek Aurreikuspen Erakunde honetan izan dezakeen eragina dela-eta, honako hau adierazi nahi du:

PRESTAZIOAK ETA FINANTZAKETA SISTEMAK

LAGUN-ARO, EPSVk bi prestazio mota ematen ditu, sistema berezituez finantzatzen direnak:

Erretiro, alarguntasun eta ezintasun iraunkorreko pentsioak “kapitalizazio edo fondo metaketa” bidezko sistema batez finantzatzen dira, gainerako prestazioetatik bereizita dagoen berariazko fondo batetik, eta Fagor Etxetresnen egoerak ez du horien gainean inolako eraginik izango.

Pentsio horiek bermatzeko ondare fondo berezia araudi zorrotz baten menpe dago, eta osasun finantzario sendoa dauka, bere kaudimen marjinak ezin hobeto islatzen duena, izan ere, hori %9koa zen 2013ko urriko itxieran, legez ezarrita dagoena nabarmen gaindituz (%4).

“Banaketakoak” esaten zaien prestazioak, berriz (osasun laguntza, enplegu laguntza, aldi baterako ezintasuna, amatasuna, aitatasuna…), urtero LAGUN-ARO, EPSVko Batzar Nagusiak zehazten dituen kuoten bitartez finantzatzen dira.

FAGOR ETXETRESNEN EGOERA

Fagor Etxetresnen gaur egungo egoerak Enplegu Laguntzaren prestazioaren bitartez baino ez dio Aurreikuspen Erakunde honi eragiten. Banaketako prestazio horrek, askoz portaera ziklikoagoa duenez, urte oparoetan eratutako Fondo Berezi bat dauka (35 milioi €-ko saldoarekin), gertatu daitezkeen krisi egoeretan berme handiagoekin erantzun ahal izateko, kuotaren kudeaketari egonkortasun handiagoa emanez.

Fagor Etxetresnetako bazkide eta LAGUN-ARO, EPSVko mutualista direnen kolektibo osoa 1.800 pertsonakoa da, eta aurreikusi da horietatik 600 inguruk aurretiko erretiroaren bidez behin betiko irtenbide bat dutela edo izan dezaketela. Aldi berean, Kooperatibetan ahalegin handiak egiten ari dira gainerako bazkideak birkokatzeko irtenbideen bila; bazkide horiek langabezi prestaziorako eskubidea izango dute, aipatu birkokapenak gauzatu bitartean, gehienez ere 24 hilabeteko iraupenarekin.

Edonola ere, LAGUN-ARO, EPSVko prestazioan, mutualistak berak jasotzen duen prestazioaz gain, bere prestazio sozialak estaltzeko kotizazioak ere sartzen dira.

Une hauetan egoerak Enplegu Laguntzaren prestazioan zenbaterainoko eragin ekonomikoa izango duen kuantifikatzea zaila den arren, begien bistakoa da egungo gastuaren igoera ekarriko duela, kostu hori hainbat urtetan banatuko bada ere, denboran murrizteko joerarekin.

Ondorioz, 2014tik aurrera, prestazio hori finantzatzen duen kuota indartu egin beharko da, aurreko urteetan osatutako fondoarekin eta urtero jasotzen diren kuotekin ekitaldi bakoitzeko gastuari aurre egin ahal izateko.

LAGUN-ARO, EPSVko Kontseilu Errektoreak onartu du Aurreikuspen Erakundearen Batzar Nagusiari Enplegu Laguntzarako kuota indartzeko proposamena egitea, eta Batzarrak hori berretsi beharko du; horrek ekarriko luke Kooperatiben lansari kostuetan %1,5eko igoera egitea.

Mugimendu kooperatiboa ezaugarritzen duten mutualismo, elkartasun, lankidetza eta erantzukizun printzipioak berriro ere agerian jarriko dira una zail hauetan, bai Kooperatiben inplikazio aktiboaren bitartez, ahalik eta bazkide kopururik handiena birkokatuz, bai aipatutako kuotaren igoera solidarioa barneratuz.

Arrasate, 2013ko azaroaren 19a

(*) LAGUN-ARO, EPSV borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde bat da, Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezia osatuz (RETA), bere kooperatiba kideen bazkide langileen prestazio sozialak kudeatzen dituena, eta, ondorioz, aipatu langileen kolektiboak, alde batetik, Gizarte Segurantzak berak ezarritako prestazioetarako eskubidea dauka, haren irizpide eta jarduteko arauen arabera, eta, bestetik, LAGUN-ARO, EPSVk ematen dituen prestazioetarako eskubidea dauka, bere araudi bereziaren arabera.

LAGUN-ARO, EPSVk ez du inolako zerikusirik “Seguros Lagun Aro SA” eta “Seguros Lagun Aro Vida SA” aseguru konpainiekin.