Ibilbidearen memoria Oier Etxebarriak idatzia

Ibilbidearen nondik norakoak, bizitako uneak eta hark eragindako nekeak gogora ekarri nahi izan ditu Oier Etxebarria atxabaltarrak. Honako hau da Oierrek idatzitako memoria hunkigarria.
2013/09/23

Arratsaldeko 7ak dira eta heldu da eguna; bagoaz, hainbeste ilusio bete dituen martxa hau egitera. Azkenean, 5 lagun atera gara, Juanma, Jabi, Iñaki, Eneko eta bostok. Beste 5 lagun gutxienez animatuta zeuden baina arrazoi desberdinengatik, ezin izan dira etorri.

Udaletxe zaharrean, jende taldetxoa bildu da gu animatzera eta agurtzera; ilusioarekin ikusten ditugu denak eta irten garenean pozik agurtu ditugu. UDAko aurkezpena ospatzen zegoen jende askok ere agurtu gaitu plaza paretik pasatzean eta hori ere oso polita izan da.

Minutu batzuk lehenago sirimiriak atertu du eta momentuz siku goaz. Muru erritmo politean igo dugu, agian azkarregi baina korrikan egin barik eta bostok elkarrekin. Elkar ezagutzen goaz, gai desberdinak ikutuz eta batez ere, gure mendiko esperientziak trukatuz. Jeitsiera trotean egin dugu eta lurra buztita aurkitu dugu; momentuz inor ez da lurrera jausi

Asentziora igotzen hasi aurreko bidegurutzean, Copreciren pankarta aurkitu dugu (Jarindo azpian ere bai) eta ibilbide osoko aldaparik gogorrenari gogotsu ekin diogu; bide berria izan da gehienontzat eta izerditan bukatu dugu. Ganboraldeko maldetan oinak busti ditugu; biderik gabe igoko ditugun mendietako lehena da. Zerrendan dauden mendi alternatiboei buruz hitz egin dugun arren, ofizialak egiteko erabaki sendoa dagoela dirudi. Aurrerago izango ditugun zailtasunetarako jokaera egokia dela somatzen dut.

Durakogain eta Jarindo arazo barik joan dira (lokatz asko aurkitu dugun arren) eta gau ederra izango dala iruditzen zaigu, ilargia indartsu datorrelako hodei artetik. Uste baino lehenago goazenez, Landara laguntzera datozenei abisua bidali diegu. Maroto igotzen apur bat liatu gara; topatu dugu baina GPS-a erabili behar izan dugu; eskerrak erabiltzen jakin dugun. Isuskitzatik Landara berehala jeitsi gara eta tuneletik atera bezain pronto, animo ederrak entzun ditugu. Han zeuden Asier, Pauxi, Esti eta gurasoak; hamaikak besterik ez dira eta oso pozik gaude denok. Ederto jan dugu (nozilla bokadilloak oso eskertuak izan dira) eta edan ere bai. Tamalez Iñakik, azkarregi goazela eta erritmo horretan ezingo duela esanda, etxerako bidea hartu du. Erabaki sendoa eta ziur aski egokia, aurrerantzean erritmoa jeitsi dugun arren, korrika dexente egin dugu eta

Landatik tripak beteta eta lasai irten gara; aldapa ederrak dira eta oraindik bide luzea daukagu egiteko. Galbarrain, Troke, Usakoatxa egin ondoren, aldapa ederra jeitsi dugu baina espero baino hobe joan da; Jabik bere txakurrarekin oilagorren atzetik egiten dituen bideak dira. Arkamo, Urkitza, Urdingain, Makatzgain eta Pagobedeinkatua ere ondo. Leixargaraten Mallabi eta Orreaga umeekin zeudela esan digute eta argia piztuta ikusi dugunez, bisita egitera sartu gara; gure zain daude eta geldialdia egin dugu; ura edan eta animoak jasota, bagoaz aurrera.

Ilargia tarteka ageri da baina errotak laino artean daudela ikusten dugu. Mugarriluzetik Aumategira bidean laino artean sartu gara eta gailurrean denok zira jantzi dugu (Kortakogaineraino ez dugu kenduko). Hurrengo lepotik gertu, Luis Marik esandako tokiaren bila gabiltz (kokakola eta ura utzi ziguten aurreko asteburuko BTT martxan). 42. errotan zegoen 45.ean beharrean eta azkenean aurkitu barik aurrera jarraitu dugu. Aize apur bat eta hezetasun haundiarekin goaz eta Mirubixkar, Burgamendi, Sekillaga, Gaboño, Kextui gaña, Gainlabur, Larrangoiti, Atxuintxa, Trango, Zurkuntz, Napar Basoko Punta, Urkitza atzean utzi ditugu. Errotak amaitzean, lasaitasuna ere sentitu dugu (zarata dexente egiten dute) eta bidea estutu da; Urkillako aldapa handienak amaitu dira baina oinak buztita dauzkagu berriro.

Oburura igotzen, garo artean doa bidea eta oinak baino gehiago busti ditugu. Handik Petrinaitz-era bide barik, basoan galduta baina GPS-aren laguntzaz arazo barik egin dugu.

Bukatu da Urkilla eta heldu gara Oltzara eta lainoa joan da; Aitzgorri zoragarria daukagu aurrean eta Irauleko haitza zuri-zuri dago. Oraindik goizeko bostak dira eta apur bat nekatuta baina oso pozik gaude. Oltzan, txakurra zaunka dago etenbarik eta bitartean ura edan, jan eta deskantsua hartu dugu. Eskerrak artzainak iturria erakutsi eta edateko baimena eman ziguna.

Aitzgorrira igoera zoragarria izan da; Jabi eta Juanma aurretik joan dira eta Eneko eta biok lasai baina erritmo onean igo dugu; 45 minutuko igoera izan da eta 5 minutu bakarrik atera dizkigutenez, nahiko pareko gaudela konturatu gara. Aterpean sartu, arropa apur bat aldatu eta oraindik haitz lehorraz eta laino barik aurrera goaz. Goizeko 6ak direnez, kresterioan, pentsatu baino denbora gehiago egingo dugu gauez baina aurreratutakoa ez galtzeko eta aurrera jotzeko ideia daukagu denok buruan (hitz egin barik ere, erabakia argia dela garbi dago)

Aitzabal alde batera utzita, Aketegi, Aitzuri eta Iraule arazo barik egin ditugu, nahiz eta lainoa sartu den eta haitza buztita dagoen (Gorgomendirarte haitza oso buztita aurkituko dugu). Arbelaitz ere egin dugu baina jeitsieran nahastu gara eta haitzartean espero baino tarte luzeagoa eginda, denbora galdu dugunaren sentzazioaz heldu gara beheko zelaira. Egun argiak hemen nonbait harrapatu gaitu

Lekunberri eta Aizkorritxo erraz aurkitu ditugu eta Adarraitzera goaz. Aldapa ederra da eta handik aurrerakoa izango denaren aurrekari ere bai. Artzanbururen jeitsiera luzea izan da eta Arriurdinen igoera, malkartxua; handik Urrabiatzara joan gara. Jeitsi ostean, Akaitz izugarri bat igo dugu eta ondoren, jeitsiera handi baten ostean, igoera handiagoa duen Butreaitz daukagu. Kostata baina hori ere egin dugu. Pentsatu baino goizago gatozela ikusita, lagunei abisua pasatu diegu, abituallamientoa denboraz gertu izan dezaten.

Bi gehiago eta bagoaz beheruntz. Eguzkia jotzen Kurtzezar eta Gorgomendi igo ditugu. Jeitsiera trotean egin dugu eta minak non dauzkagun barneratzen goaz; dena den, lau mendi bakarrik geratzen dira eta amaituko dugunaren zihurtasuna daukagu denok. Kortakogainera doan bidexka oso lokaztuta dago eta erorialdi txikiak izan ditugu. Lagunak ikusi ditugunean, poza nabaria da. Gu pozik gatoz baina euren pozak harritu nau; ilusioz beteta eta pozez zoratzen daude; Txepe eta Nereak makarroiak ere prestatu dizkigute. Peio, Olaia, Esti, Paloma, Siro eta Maia animoak eman eta eman daude. Egiten ari garena izugarria dela erakusten digute

Euren konpainia uzteko penaz baina martxa bukatzeko irrikitan Jaturabera jeitsi gara trotean. Handik, hain ezaguna ez den Aitzulo ondoko sendatik igo dugu Orkatzategiko pareta; igoera paregabea da eta izerdi onak bota ditugu. Depositoan kanala hartu eta Ametzuetaruntz goaz; konturatu barik ia pasatu dugu eta erromara pare bat pasatuta, sasi artetik joanda lortu dugu igotzea. Berriz erromarak pasau eta Hiruaitz daukagu parean; honek bidea galduta izanik, gurea aurkitu behar izan dugu; ez da batere erraza izan baina inor ez da antolatzailearen kontra gaizki esaka hasi; harritzekoa da baina 50 mendiak horrela direla guztiz onartuta daukagula dirudi.

Bidera bueltatzean, Euskadi Extrem-eko BTT martxarekin gurutzatu gara eta berriz trotean, Isidoro, andrea eta beste bi lagun dauden azken abituallamientora heldu gara. Harrera ezin hobea egin digute eta tripa azken aldiz bete, ondo edan eta azken aldapa izango denari aurre egiteko gogoz atera gara.

Ibilbideak esaten zuenari kasu egin barik, bide barik beharrean, Imanolen txabolatik eta Zelaikuenakoen txabolatik aurrera, Kargalekura bidetik goaz; luzea da baina aldapa gehiegirik ez dauka. Eneko ustuta dator; tripak saturatuta dauzka eta ezin du ezer jan. Apur bat sufrituta baina Elorretako haitza begibistan ikustean gogotsu gaude. Asier, Olaia, Doltza, xxx eta Iñigo dauzkagu zain. Ah zer animoak eman dizkigutenak. Kurtzebarri poz-pozik igo dugu eta gurutzean argazkia atera dugu denok elkarrekin. Enekok AGAko 50. urteurreneko kamista atera du. Bukatu da, 50 egin ditugu eta orain Aretxabaletara jeistea bakarrik falta da. Ordu batak eta laurden dira eta ordu bietan helduko garela dirudi

Jeitsiera guztia trotean egin dugu; minez baina pozik heldu gara trenbidera eta Mitartetik, Duranan barrena, udaletxe zaharrera laurok elkarrekin eta trotean egin dugu. Jendea txaloka, oihuka eta animoak ematen aurkitu dugu. Amaieran, jende taldea daukagu zain. Besarkada eta muxuak jaso eta eman ditugu; leihoetatik koeteak ere bota dituzte eta pozez beteta, nekeak eta minak ahaztu ditugu

Inongo prisa barik (denok oso gustora gaudelako) Gurea parera joan gara zerbait edatera eta Txepek txanpana ere atera du. Txapeldunek bezala kortxoa airera bota eta egin dugunagatik topa egin dugu. Masajistekin hitzordua egin eta 3ak aldera bakoitza bere etxera joan gara.

Eskerrik asko amets hau egi bihurtzen lagundu duzuen guztioi. Prestatzen egin dugun denborak merezi izan du eta lagundu duzuenon ilusioak, nirea areagotu du