2017-12-18T00:14:53+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

“Eraikuntza arloko ikasketak egokitu eta irteera profesional berriak detektatu ditugu”

2014/09/15

Krisi garaian, adreiluaren pelotazoaren aroan, eraikuntzaren gainbehera handienean... badira aukera berriak arlo horretan eta Arizmendi Ikatolako Lanbide Heziketako Eraikuntza-proiektuak zikloak eskaintzen ditu.“Krisiak eraikuntza arloa gogor kolpatu badu ere, aukera berri ugari sortu dira eraginkortasun, bioetxebizitza eta eraikinen zaharberritze arloan”. Alor horietan formazio osatua eskaintzen du Arizmendi Ikastolak Arrasaten. Urrira arte, matrikulazio kanpaina irekita dago eta ikasketak doakoak dira. TU lankidek Aitor Axpe, Arizmendi Ikastolaren Lanbide Heziketako eta Eraikuntza-proiektuak zikloko zuzendaria elkarrizketatu du.
“Eraikuntza arloko ikasketak egokitu eta irteera profesional berriak detektatu ditugu”

Aitor Axpe eta Gartzen Undagoitia, artxiboko argazkian.

Zer eskaintzen dio Eraikuntza-proiektuak zikloak ikasleari?

Gurean ikasten duenak, eraikuntza proiektuaren diseinu guztian parte hartu dezake. Planoak, aurrekontuak, instalakuntzak, eta egiturak kalkulatuz, eraikuntzen energia eraginkortasuna aztertuz eta bere ziurtagiriak sortuz, energia jasangarriak eta instalakuntza berriztagarriak erabiliz. Gaur egun sektorean erabiltzen diren programa informatiko garatuenak erabiltzen irakasten diegu.

DSC06618

"gaur egun gure zikloak irteera profesional ugari eskaintzen ditu"

Eraikuntza-proiektuak zikloko irakasle eta ikasleak San Mames berrira eginiko bisitan.

Zein da zuen ikasleen perfil nagusia?

Gaur egun, eraikuntzako zikloan ditugun matrikulatuetatik, gehienak unibertsitatetik datozen ikasleak dira eta baita beste ziklo batzuk egin dituzten ikasleak ere. Unibertsitatetik datozenak euren formazioa borobiltzera datoz. Kontua da, eraginkortasun energetikoaren arloan orain dela lau urte, eta Europako agindu baten ondorioz, Eraikuntza-proiektuak zikloa erabat berriztu zela, eta unibertsitateetan oraindik ez dute gure mailako ezagutzarik eskaintzen. Hori dela eta, arkitekto, aparejadore eta ingeriari asko jasotzen ditugu gure zikloan.

Batxilergoko ikasleak erakartzeko, berriz, arazoak dituzue, ezta?

Bai, halaxe da. Gaur egun eraikuntza arloak ez du prentsa onik eta arazoak ditugu 18 urteko gazteak gure ikasketetara erakartzeko. Edozein modutan ere, gurako neuke argitu gaur egun gure zikloak irteera profesional ugari eskaintzen dituela. Bai eraginkortasun energetikoaren arloan behar den ziurtagiriari lotutako lanpostuak, bioeraikuntzarekin zerikusia duten proiektuekin lotutakoak edo eta Ikuskapen teknikoari (ITE gaztelaniaz: Inspección Técnica del Edificio) bideratu beharko diren profesionalen ikuspegitik aztertuta.

Langabetuentzat ere eskaintzen dituzue ikastaroak, ezta?

Oso pozik gaude arlo horretan, izan ere ikasle asko ditugu. Adin eta perfil tarte horretan, itxaron zerrenda dugu.

"Leintz Ibarrean, esaterako, 900 eraikin daude ITEa pasatu beharko dutenak, eta hortaz, arlo horretan teknikari asko beharko ditugu"

Zer da Ikuskapen teknikoa edo ITEa?

2018an 50 urte beteko dituzten etxebizitzek Eusko Jaurlaritzaren ITEa (Inspección Técnica del Edificio) gaindituta eduki beharko dute, eta uste dugu arlo horretan aukera asko sortuko direla, alegia, profesionalak formatu beharko ditugula. 2017ko ekainetik 2018 ekainera bitartean, urtebete izango dute eraikinek, ITE hori pasatzeko. Leintz Ibarrean, esaterako, 900 eraikin daude ITEa pasatu beharko dutenak, eta hortaz, arlo horretan teknikari asko beharko ditugu, eta horiek formatzeko aukera eskaintzen ari gara.

Bioeraikuntza arloak ere indarra hartu du zuenean.

Gure apustua da. Oinarrizko ikasketak eskaintzen ditugu arlo horretan, baina etorkizun handiko ikasketak direla uste dugu. Gaur egun, bizitzaren %80 etxebizitza edo eraikin baten barruan egiten dugu eta horrexegatik da hain garrantzitsua. Osasunaren inguruan gero eta kontzientziatuago gaude eta bioeraikuntza arloa oso garrantzitsua da.

DSC06315

Bioeraikuntzako proiektu bat.

Lau arlotan banatzen duzue zuen formazio eskaintza.

Ziurtagiri energetikoa, ITE (arkitekto eta aparejadoreentzat bereziki), bioeraikuntza eta programa informatikoak: lau arlo horiek dira gure formazioaren oinarri.

2.000 orduko ikasketak dira, 360 ordu praktikak enpresan, bi urte... horiek dira zikloaren datu orokorrak. Era berean, ikasleek bekak jaso ditzakete euren formazioa atzerrian borobiltzeko. Portugal, Italia, Austria, Inglaterra, Alemania, Frantzia... askotariko herrialdetara joan daitezke gure ikasleak eta normalean praktikak arkitektura bulegoetan egiten dituzte.

2.000 orduko ikasketak dira, 360 ordu praktikak enpresan, bi urte... horiek dira zikloaren datu orokorrak

Atzerrira joan beharra ez dago praktikak egin ahal izateko.

ULMArekin edo eta Gasteizko zenbait arkitektu bulegorekin akordioak ditugu eta urtero gure ikasleek bertan egiten dituzte praktikaldiak. Industria arlora ere gerturatu nahi dugu gure eskaintza, izan ere, mantentze-lanetako profesionalentzat oso interesgarria izan daiteke gure formazioa. Industrian, bulegoak eta eraikinak kudeatu behar izaten dira eta mantentze-lana oso garrantzitsua da.

Matrikulazio epea urriaren 15era arte egongo da zabalik. Beraz, batxilergoa amaitutakoa bazara edo-eta zure formazioa osatu nahi duzun arkitektu, aparejadore, ingeniari, delineante industrial edo dekoradorea bazara, aukera paregabea duzu Arrasaten, Eraikuntza-proiektuak zikloan.

Informazio gehiago: Feixalekua, Otalora lizentziaduna, 8. Tel.: 943772015 - lanbide@arizmendi.ikastola.net


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak