2017-10-20T12:50:16+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

“BCC-Eroski Sariaren” V. edizioa martxan dago

2016/07/26

Tokiko produktuekin egiten den berrikuntza gastronomikoa sarituko du Basque Culinary Center eta Eroskik antolatu duten lehiaketa honek.
“BCC-Eroski Sariaren” V. edizioa martxan dago

Irudian, 2015eko irabazleak agertzen dira.

“BCC-EROSKI Sariak” bosgarren edizioa beteko du aurten, tokiko tradizioko elikagaien bidez egindako berrikuntza gastronomikoa aitortzeko xedez. Sariketa 2012. urtean jarri zuten abian bi erakundeek, tokiko produkzioa sustatu eta, gainera, produktu horietan oinarrituta proposamen berritzaileak egiten dituzten sukaldarien lana saritzeko.

“BCC-EROSKI Sariaren" edizio honek indarra egingo du Espainiako lurraldeetako aberastasun kulturala eta gastronomikoa osatzen duten barietate eta espezie jakin batzuen bidez chefek egiten duten sukaldaritza berritzailean; izan ere, chef horiek konpromiso soziala erakusten dute ekoizleekin eta espezie, barietate eta zaporeen biodibertsitatearen iraupenarekin. Lehen sariaren irabazleak 6.000 euro eskuratuko ditu eta bigarren eta hirugarren sailkatuek 3.000 eta 1.000 euro, hurrenez hurren.

Aurreko edizioetan Espainiako 350 bat chefek aurkeztu dituzte tokiko produktuekin egindako errezeta berritzaileak.


Nola aurkeztu “BCC-EROSKI Sarira”

Sukaldari batek bere jatetxean tokiko produktuetan oinarrituta egindako plater berritzailerik onena sarituko du “BCC-EROSKI Sariak”.  Proposamenak aurkezteko epea 2016ko uztailaren 28an ireki eta irailaren 30ean itxiko da, eta Espainian bizi diren jarduneko sukaldari profesional guztiek har dezakete parte. Parte-hartzaile bakoitzak honako hauek aurkeztu behar ditu lehiaketan: erabilitako tokiko produktua jasotzen duen dossier bat, errezeta azaltzen duen fitxa bat eta jakia platerean erakusten duen argazki bat. Parte-hartzaile bakoitzak hiru proposamen bidali ahal izango ditu gehienez.

Aurkeztutako proposamen guztietatik, epaimahaiak hiru errezeta aukeratuko ditu. Hiru horiek finalera igaro eta lehiaketaren web-orrian argitaratuko dira. Basque Culinary Centerreko (BCC) akademikoek, EROSKI Fundazioko patronatuko kideek, jardunean diren chefek, gastronomiako aditu independenteek eta nekazaritzako elikagaien sektoreko ordezkariek osatuko dute epaimahaia.

Lehiaketaren azken fasea Basque Culinary Centerren (BCC) egoitzan izango da, Donostian. Bertan, “BCC-EROSKI Sariko” hiru sukaldari finalistek beren jakiak prestatuko dituzte, beren lurraldean ekoizten diren elikagaietan oinarrituta, eta epaimahaiko kideek dastatuko dituzte.

Lehiaketaren oinarriak www.premiobcceroskisariak.es web-orrian argitaraturik daude. Aurkeztutako plater guztietatik aukeraturiko hiru finalistak ere webgune horretan argitaratuko dira.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak