2017-08-21T15:46:42+02:00

Herramientas Personales

Colaboraciones

Euskara teknikoa, ikasgai

07/05/2012

Arlo juridikoko dokumentuak nahasiak iruditzen zaizkigu askotan, gazteleratik itzulitako idatzi ulergaitzak izaten dira eta zentzuzko mezua jasotzeko zailak gehienetan. Horri guztiari aurre egiteko, LKSko hamar abokatu euskara teknikoa zuzentasunez erabiltzeko ikastaroa egiten ari dira Emun kooperatibaren eskutik.

Amaia, Irantzu, Jaione, Oihana, Irune, Nerea, Leire... Miren irakaslearekin lanean dihardute, euskara teknikoa nola erabili ikasten. Ikastaroan hamar lagunek eman dute izena eta helburua ez da makala: "Erabiltzen ditugun dokumentuak zuzenak eta hizkuntza egokian idatzitakoak izatea", eta, bide batez, zerbitzu hobea eskaini bezeroari.

Nola sortu zen formazioaren beharra?

Euskararen erabilera hazi egin da enpresa arloan, eta noski, baita MONDRAGON korporazioaren kooperatiba sarean ere. LKSko abokatuek zerbitzua eskaintzen dute kooperatiba horietan eta euskaraz zuzen aritzeko beharra ikusi zuten. "Gure lanean euskara erabiltzeko beharra genuela atzeman genuen, euskara maila hobetu beharra geneukan bezeroaren eskakizunei hobeto erantzuteko". Abiapuntu horrekin sortu zen euskara teknikoaren gaineko ikastaroa. Era berean, ziur daude euskaraz lan egiteko gaitasuna eskertzen dutela bezeroek. "Gaztelaniaz zein euskaraz teknikoki moldatzeko gai baldin bagara gure bezeroek eskertuko digute", adierazi digute abokatuek. Izan ere, bezeroen artean euskaldunen kopuruak gora egin du, "asko dira euskaldunak eta eskertzen dute euskarazko harremana". Beste batzuetan, nahiago izaten dute gai teknikoen gaineko txostenak euskaraz zein gaztelaniaz jaso, eta horretarako ere euskarazko formazioa behar izaten da. "Gazteleratik itzuli beharrean, euskarazko dokumentu originalak sortzeko".

Gure asmoa da erabiltzen ditugun dokumentuak zuzenak eta hizkuntza egokian idatzitakoak izatea.

LKSk arlo ezberdinak jorratzen ditu: lan arloa, sozietarioa, fiskala eta zibil-merkantila. Arlo bakoitzean azpi-arloak ere badira, "esaterako zibil-merkantil arloan administrazioarekin harreman handia izaten dugu, eta alor horretan bai, administrazioak testuak euskaraz eskatzen ditu". LKS barruan ere euskara batzordea badute eta euskararen erabilera bultzatzen ari dira. Gaur egun, langile asko euskaldunak dira eta era naturalean hitz egiten dute euskaraz.

Ikastaro teknikoa nola prestatzen da?

Miren Lazkano Emuneko teknikaria ari da ikastaroa eskaintzen. "Ikastaroa hasi baino lehen LKSko langileei galdetegi bat bidali genien, jakiteko zeintzuk diren beraien beharrak eta egitekoak, eta erantzun guztiak aztertu ondoren erabaki genuen ikastaro teknikoa abian jartzea". Abokatuek egunerokotasunean erabiltzen dituzten txostenak oinarrian hartu zuten Emunekoek material didaktikoa prestatzeko eta erantzuna oso ona izaten ari da. "Jende gaztea dago LKS enpresan, euskaraz ikasi duena, eta erraztasun zein interes handiarekin parte hartzen ari dira ikastaroan".

Prestatzailearentzat eta parte-hartzaileentzat zeintzuk dira erronka nagusiak?

"Hizkera juridikoa ulergaitza izaten da askotan, eta uste dugu euskaraz, era ulergarrian idatzi daitekeela", hori da ikastaroan diharduten irakasle eta ikasleen erronka nagusia. "Itzulpenetara joz gero, testu nahasiak sortzen ditugu, ulergaitzak, eta euskaraz sortzen ditugunak zuzenak izateaz gainera, ulergarriagoak izan daitezke". Momentuz, batzuek zein besteek era positiboan baloratzen dute ikastaroa. "Gehiago egin beharko genituzke, erabiltzen ditugun dokumentuak zuzenak izateko. Hori baita lortu nahi duguna".

Euskara teknikoa, ikasgai

 

Edición impresa
Síguenos en twitter
LagunAro

Promociones para socios

fagor-promo

Sugerencias

sugerencias